2026-07-28
HomeEkintza SindikalaLABek altzairutegiaren itxiera eta kaleratzeak inposatu nahi izatea egotzi dio Tubos Reunidosi,...

LABek altzairutegiaren itxiera eta kaleratzeak inposatu nahi izatea egotzi dio Tubos Reunidosi, erakundeak beste aldera begira dauden bitartean

Tubos Reunidosek aurkeztutako EEEaren kontsultaldia gaur amaitu da, enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkaritzaren arteko akordiorik gabe. LABetik argi utzi nahi dugu ez dugula onartzen ez Amurrioko altzairutegia ixtea, ezta 301 lanpostu suntsitzea ere; Aiaraldeko eta Ezkerraldeko industria-etorkizuna arriskuan jartzen duen erabaki oso larria da.

Bileran, sindikatuek proposamen argi bat aurkeztu dute, eta horren ardatz nagusia EEEa kentzea eta Amurrioko altzairutegia ixteko erabakia bertan behera uztea da, baita langileen ordezkariekin benetako negoziazio prozesu bat irekitzea ere, enpresaren etorkizunari xantaiarik eta presiorik gabe heltzeko.

Amurrioko altzairutegia pieza estrategikoa da Tubos Reunidosen ekoizpen prozesuaren barruan, eta hura ixtea oso erabaki larria izango litzateke enpresaren beraren industria-etorkizunerako. Gainera, enplegu suntsiketa handia eragingo luke, bai zuzenean bai zeharka, Aiaraldean eta Ezkerraldean.

Proposamen horren aurrean, enpresak berriz ere mahai gainean jarri ditu altzairutegiaren itxiera eta enpleguaren suntsipena abiapuntutzat dituzten planteamenduak, eta LABen ustez hori onartezina da. Ezin da adostasunaz hitz egin erabaki nagusia —altzairutegia ixtea eta kaleratzeak gauzatzea— bere horretan mantentzen den bitartean.

Prozesu honetan argi geratu da, gainera, enpresa ez dela gai izan altzairutegiaren itxiera eta EEE hau alternatiba posible bakarra direla frogatzeko. Agerian geratu dena da zuzendaritzak urteetan egin duen kudeaketa negargarria, eta horren ondorioak orain langileei bakarrik ordainarazi nahi dizkie.

Erakundeak, ateak itxita eta diskurtso bikoitza

Egoera horri erakundeen pasibotasun kezkagarria gehitu behar zaio. Tubos Reunidosen egoera ondo baino hobeto ezagutu arren eta enpresak azken urteetan laguntza publiko garrantzitsuak jaso dituen arren, enpleguaren eta industria-jardueraren defentsan zeregin aktiborik hartu gabe jarraitzen baitute. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta, hedaduraz, EAJk eta PSEk bizkarra eman diete Tubos Reunidoseko langileei eta Ezkerraldeko zein Aiaraldeko eskualdeei.

Haien ekarpen bakarra enpresa batzordeari elkartasuna eta babesa adierazteko adierazpen publikoak izan dira, eta langileen ordezkaritzarekin egindako bilera formal bakarra batzordeak berak eskatuta egin zen.

Gaur bertan, Pradales lehendakaria Euskalduna Jauregian zegoen, Tubos Reunidosen etorkizunari buruzko negoziazioa egiten ari zen lekutik metro gutxira, eta, hala ere, ez da hurbildu ez alderdi sozialaren egoeraz interesatzera, ez enpresari enpleguarekin eta Tubos Reunidosen etorkizun industrialarekin konpromiso argia eskatzera. Langileen eta eragindako eskualdeen ondoan egoteko aukera argia izan da, berriro ere alferrik galdu dena. 

Euskal Herriko langileriak beste klase politiko bat merezi du, eta beste agintari batzuk alde zuzenean egongo direnak: langileak eta eskualdeak defendatzen.

LABen argi diogu: plantillak ez du altzairutegia ixtea onartuko, ezta enplegua suntsitzea ere. Kontsultaldiaren luzapenak aukera errealak aztertzeko balio behar du, ez jada hartutako erabakiak inposatzen saiatzeko.

LABek borrokan jarraituko du. Industria-jarduerari, lanpostu guztiei eta Aiaraldearen zein Ezkerraldearen etorkizunari eustea defendatzen jarraituko dugu, justifikaziorik gabeko enpresa-erabaki baten aurrean eta, orain arte, egoeraren mailan egon ez diren erakundeen aurrean. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langabezia jaitsi arren, arrakalak sakonak dira

Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.