LAB, Trapagarango eta Amurrioko lantegietako langileen ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Enplegu Sailekin, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiekin, bai eta Trapagako eta Amurrioko alkateekin ere bildu da gaur, kaleratze kolektiboko prozesuan Tubos Reunidosen egoerari aurre egiteko. Bileraren ondoren, sindikatuak kezka adierazi nahi du, erakundeek ez dutelako konpromiso argirik Tubos Reunidoseko zuzendaritzak planteatzen duen enplegu-suntsiketaren aurrean.
Prozesu hau ez da enpresak planteatutako 301 kaleratzeetara mugatzen. Erabaki horrek askoz ere eragin handiagoa izango du, azpikontratetako plantillei ere eragingo die eta enplegua gehiago suntsituko da Aiaraldea eta Ezkerraldea eskualdeetan. Gainera, kostuak murrizteko zuzendaritzak planteatutako estrategiak langileak kaleratzea eta lanak kanpora ateratzea eskatzen du, eta horrek lan-baldintzen prekarizazio argia ekarriko du.
Bileran, oso galdera zehatzak helarazi dizkiegu erakundeei, enpresarekiko duten papera eta eskakizun-mailari buruz. Industriako sailburuordeari behin eta berriz galdetu zaio ea enpresaren bideragarritasuna EEEtik pasatzen ote den, eta horren erantzuna izan da zorra berregituratzea. Era berean, altzairutegirik gabe proiektu industriala bideragarria izan daitekeela uste duen ere interpelatu egin zaio, eta horri ere ez zaio erantzunik eman. Enplegu Sailak enplegu-suntsiketaren kontra agertu da, eta enplegu-erregulazioko espedienteari alternatibak bilatzen saiatuko direla adierazi dute.
Halaber, azalpenak eskatu ditugu Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin harremanetan noiztik dauden azaltzeko, zer bideragarritasun-plan helarazi zaien eta balizko inbertitzaileekin harremanik badagoen argitzeko. Hala ere, ez dugu erantzun argirik jaso, ezta konpromiso zehatzik ere, enpleguaren eta lan-baldintzen defentsari dagokionez. Gaurko bilerak gardentasun falta kezkagarria erakutsi du berriro ere, bai enpresaren aldetik prozesu honetan guztian, bai Eusko Jaurlaritzaren beraren aldetik, eta horrek ere ez du argitu zeintzuk diren bere benetako eskakizunak eta mugak egoera honen aurrean.
LABen ustez, bereziki larria da Aiaraldea berrindustrializatzeko mahai bat egotea, erakundeak Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin batera esertzeko, eta, aldi berean, ez egotea inolako eskakizun publikorik, ezta egungo enpleguari eusteko konpromiso irmorik ere. Ezin da eskualdeko etorkizun industrialaz hitz egin, egungo enplegua suntsitzea baimentzen den bitartean.
Beldur gara Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren zeregina berriro ez ote den Glavista, Guardian edo Maderas Llodio bezalako beste industria-gatazka batzuetan ikusi dugun bera izango: beste alde batera begiratzea, langileen erantzukizuna eskatzea itxierak eta kaleratzeak onar ditzaten, eta praktikan enpresa-zuzendaritzen aldean kokatzea, horiek baitira egungo egoeraren erantzule nagusiak.
Erakundeek laguntzaz, konpromisoaz eta etorkizunaz hitz egiten dute, baina behar dena ekintzak dira. Elkartasun gutxiago argazki eta adierazpen publiko moduan, eta benetako inplikazioa enpleguarekin, lan-baldintzekin eta Aiaraldea eta Ezkerraldearen etorkizunarekin.
Euskal Herrian, 2026eko otsailaren 13a
Diru publikoa eta erakundeen laguntza baldin badaude, baldintza argiak egon behar dira enplegua babesteko eta suntsitzea saihesteko. Ezin da enpresa babestu berme sozialik eskatu gabe, zuzendaritza bere benetako asmoei eta bere planen benetako irismenari buruz argia eta gardena izaten ari ez den bitartean.
LABek berretsi egiten du lanpostu guztiak, lan-baldintzak eta gure eskualdeen etorkizuna defendatzeko konpromiso irmoa. Ez dugu onartuko, beste behin ere, krisitik ateratzeko industria-ehuna ahultzea, prekarizatzea eta kaleratzeak egotea, erakundeek prozesua modu irmoan eskua hartu beharrean, berau jarraitu besterik egiten ez duten bitartean.

