2026-11-12
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakKristau Eskolaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara, Donostian

Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara, Donostian

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deitutako sektoreko 24. greba egunak ere babes zabala izan du. Sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabete eta asteetakoak.

Sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari, gatazkari irtenbidea emateko eta adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien atzo arratsalderako.

Patronalak azken hilabeteetan jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du. Sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren mahai negoziatzailean planteamendu hauek atzera botaz alde batetik, mahaian egindako azken proposamena definitibo eta aldaezina bezala aurkeztuz bestetik, eta atzoko bilerara agertu ere ez egiteko erabakia hartuz azkenik. Gaur, 24. greba eguna sektorean, Kristau Eskolako egoitza aurrean milaka langile bildu dituen elkarretaratzea gauzatu dugu egoera salatzeko.

Hezkuntza Sailak berriz, gatazka honi irtenbidea emateko orain arte erakutsi duen interesa oso eskasa izan da, bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatuz, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik. Atzoko bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hau gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen jarraitzea eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki du.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa.

Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela. Horrela, atzo arratsaldeko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABen balorazioa azaroaren 11ko greba orokorrari buruz

1. Euskal langileriaren indar erakustaldi berria izan da. Deialdia estatuko egun berean eta mobilizazio propioekin egitea erabaki zuzena izan dela frogatu da. Hego Euskal Herrian...

Etxebizitza eta soldata duinak bermatzeko eta eskuin muturrari aurre egiteko deia egin dugu EH Bilduk eta LABek

Azaroaren 11ko greba orokorraren biharamunean, milaka lagunek soldata duinen eta etxebizitza eskubidearen alde kaleak hartu ondoren, LABek eta EH Bilduk bilera publikoa egin dute, grebaren aldarrikapenak eta aurrera begirako erronkak aztertzeko. Bilkura horrekin abiatu du LABek hainbat eragilerekin egingo duen bilera sorta, egungo etxebizitza politikak eraldatzeko proposamenak egiteko. EH Bilduren aldetik ekintza politikoko idazkari Arkaitz Rodriguez, Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrieta eta etxebizitza idazkari Xabier Astigarraga aritu dira, eta LABen aldetik Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra eta Iratxe Delgado eta Jaime Iribarren Ekintza Sozialeko kideak.

EAJri gogorarazten diogu aukera duela atzo ehunka mila herritarrek egindako aldarriari modu positiboan erantzuteko

Bermeon berreskuratutako etxebizitza turistikoaren giltzak herriaren esku utzi ditu sindikatuak, eta amaitutzat eman du ekimena.