2025-12-17
HomeEkintza SindikalaZerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide berberak aldarrikatu ditu euskararentzat administrazio publikoan. Era berean, EAJri eskatu dio ausardia izateko eta Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko EH Bilduk egin duen proposamena babesteko. 

LABek mobilizazioa egin du gaur Gasteizen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, euskara ofiziala den eremuan, azken urteetan izaten ari den oldarraldi judiziala salatzeko eta euskarak zerbitzu publikoetan arreta- eta lan-hizkuntza gisa behar dituen lege bermeak exijitzeko. Eusko Legebiltzarrean amaitu da ELA eta Steilasekin batera egindako manifestazioa, Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez lelopean. 

Zerbitzu publikoak (osasuna, hezkuntza, zaintza, justizia, garraioa, administrazioarekin harremanak…) euskaraz jasotzeko eta bertan euskaraz lan egiteko eskubidea ez dago bermatuta. Gainera, euskara bigarren mailan eta eremu publikotik baztertzeko estrategia oso narbarmena da indar atzerakoien artean, eta hainbat administrazio gobernatzen dituzten EAJk eta PSEk estrategia horrekin bat egin dute. Indar atzerakoi horiek eremu juridikoa ezinbesteko tresna dute, epai euskarafobo eta ulergaitzen bitartez euskalduntzea oztopatzen baitute. 

Duela bi aste, LABek salatu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Konstituzionalera eraman duela lanpostu publiko guztiek hizkuntza-eskakizuna izateko betebeharra. Pasa den astean zerbitzu publikoetako azpikontratetan euskararen erabilera baztertzen zuen epaia jauzi bat da, oldarraldia administrazioaren eremutik enpresa pribatuetara hedatu delako. Epai hori bultzatu duen CCOO sindikatua hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua elikatzen ari da. Bidea euskara gehiago bultzatzea da; euskarak kohesio sozialerako zubia izan behar du; euskara ikasteko aukerak eskaini behar zaizkie langile guztiei, eta ez alderantziz.

CCOOk, UGTrekin batera, bazka ematen die epaile euskarafoboei. Nola uler liteke bere burua PP-Voxen antipodetan kokatzen duen sindikatu horrek berak PP-Voxek euskara administrazio publikotik ezabatzeko bultzatzen duten estrategiarekin bat egitea? Izan ere, PP-VOXek eta euren zerbitzura ari diren epaile euskarafoboek euskara bere garai ilunenetara itzultzea bilatzen dute, frankismo garaietara eraman nahi dute, eremu publikotik ateraz, urratsez urrats.

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan gaztelaniak dituen eskubide berberak nahi ditu LABek euskararentzat, ez besterik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hori lortzeko bidean, hau da LABek proposatzen duena:

  • Euskararen kontrako epaiak salatzea. 
  • Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea. 
  • Administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz eta lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
  • Erabiltzaileek euskara zerbitzu-hizkuntza izateko duten eskubidea bermatzea.
  • Pribatizatutako-itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez.
  • Lege aldaketaren bidez administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Lanpostu guztiek hizkuntz eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea. 
  • Lanpostu berriei dagokienez, derrigortasun data iraungita egotea lanpostua hartzeko momentuan.

Langileak eta lan zentroak aktibatzera doa LAB. Aldaketa legalak egiteko garaia da. Administrazio publikoa euskalduntzearen aldeko lege bermeek mobilizazio soziala eta euskal langileon aktibazioa eskatzen dute. EAJk legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenak ez du euskara itolarri honetatik aterako, eta berme juridikoak behar dira: euskarak gaztelaniak dituen eskubide eta berme berdinak behar ditu. Norabide horretan, EAJri ausardia izateko eskatzen dio LABek, eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egindako proposamenarekin bat egiteko.

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Gaur Gasteizen eta atzo Iruñean mobilizatu zen LAB, eta mobilizazioak areagotzeko garaia dela uste du. Bide horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako Bilboko Miribillan egingo duen ekitaldi nazionalera joateko deia ere luzatzen du LABek. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu,...