2026-01-31
HomeEkintza SindikalaArabako helduen egoitzetako hainbat langilek egun dituzten lan baldintzak galduko dituzte

Arabako helduen egoitzetako hainbat langilek egun dituzten lan baldintzak galduko dituzte

Sektorearen parte garrantzitsu batek enpresa eremuan borrokatu dituen eskubideak, herrialdeko hitzarmenetik gora dauden lan baldintzak, galduko ditu. Hori gutxi ez, eta kategoria batzuetan soldatak ez dira 1.500 eurora iritsiko. 

Arabako helduen egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako hitzarmenaren akordioari dagokionez, LABek hurrengoa adierazi nahi du: adostutako hitzarmenak ez ditu sektoreko langileentzako berme nahikoa jasotzen, eta, horren ondorioz, sektoreko hainbat langile kaltetuko ditu herrialdeko hitzarmenaren aplikazioak. Hau da, langile horiek gaur egun dituzten lan baldintza batzuk galdu egingo dituzte hitzarmen hau indarrean sartzerakoan.

Duela ia 7 urte, Arabako helduen egoitza pribatuetako langileak mobilizatzen hasi ziren. Urte hautean guztietan, herrialdeko hitzarmenaren beharra aldarrikatzen eta borrokaren lehen lerroan egon da LAB. LABen antolatuta dauden ordezkari, afiliatu eta sektoreko langile ugarik 60 greba egun baino gehiago sostengatu dituzte, eskuzabaltasunez jokatuz, zegokitena baino gehiago emanez. Sektoreko langileek hitzarmen estatalaren miseriari aurre eginez eutsi diote estatalizazioaren kontrako borrokari eta Euskal Herrira negoziazio kolektiboa ekartzea izan da hasieratik LABen antolatuta dauden langileek egin duten borroka honi heltzeko elementu garrantzitsuenetariko bat. 

Gaurko egunean LABek azpimarratu nahi du borroka luze honetan fronte soziosindikal bat hauspotu dela, hainbat eragilerekin aliantzak eratuz. Hortaz, LABek eskertu nahi ditu, bereziki, elkarlan horretan Mugimendu Feministaren ekarpena, bai mobilizazioetan baita sektore honetako errealitateari Arabako Herri Akordioan eman zaion lehentasuna. Pentsionistei eta egoiliar elkarteei ere beraien inplikazioa eskertu nahi die, borroka luze hau babesteagatik.

Bide honetan, LABek ardura sindikalez, erantzukizunez eta gardentasunaz jokatu du kaleetan, borrokan, zein mahai negoziatzailean. Izan ere, akordioan jasotako onura asko LABek defendatu eta borrokatu dituen edukiak dira: jardunaldi murrizketa, soldatak, lizentziak… Baina, azken egunotan, ELA eta patronalen artean adostutako edukiak kontuan hartuta, akordioak ez ditu oinarrizko bermeak jasotzen. Izan ere, borrokan egon diren langile askori kaltea eragingo die hitzarmenak, eta hori onartezina da LABentzat. Sektorearen parte garrantzitsu batek enpresa eremuan borrokatu dituen eskubideak, herrialdeko hitzarmenetik gora dauden lan baldintzak, galduko ditu, gaurko bileran berme juridikoak ez direlako onartu. 

Hori gutxi balitz, onartutako akordioak jasotzen dituen soldata igoerak ez ditu bermatzen hainbat kategorietan 1500 eurora heltzea. LABek hori ekiditeko proposamenak helarazi zizkion intersindikalari eta baita gaur bertan ere mahai negoziatzailean, baina ez dira onartu. Beraz, Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren aldeko borrokan 2026ko martxoaren 17an egingo duen greba orokorra iragarri eta hurrengo egunean, baldintza horietan sinatuko du ELAk akordioa, patronalen eta aldundiaren beharrei men eginez. 

Horregatik guztiagatik, gaurko mahai negoziatzailean LABek borrokan mantentzeko proposamena mahaigaineratu du, hitzarmenaren oinarrizko berme horien defentsan, eta ELAk uko egin dio proposamenari.

Langileek borroka luze horren ondorioz herrialdeko lehen hitzarmena lortu dute. Hobekuntzak egongo dira, baina hau ez da sektoreko langileek egindako borroka eredugarriak merezi duen itxiera. Hitzarmenak aipatutako bermeak jasotzen ez dituen heinean, ez du LABen babesa izango. 

Horrekin guztiarekin, LAB sindikatua helduen egoitza pribatuetako sektoreko langileak bere gain hartuko dituen zaintza-sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokan tinko mantenduko da. Pribatizatutako zaintza sektore honetako langileak langile publikoak direla aldarrikatzen du, eta publifikazioaren bidean pausoak ematen jarraituko dugu. Erakunde publikoek sustatzen duten eredu pribatizatzaileari aurre egingo dio, larunbatean zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko Arabako Herri Akordioaren aldeko manifestazioan argi gelditu zen bezala. 

Arabako helduen egoitza pribatuetako sektorean estatalizazioari aurre egin diogun honetan, borrokak dirau eta LAB izango da, bide horretan, langileen bilgune. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...