2026-09-22
HomeEkintza SindikalaEnplegu Zentro Berezietako langileek enpresek eta administrazioek aniztasun funtzionala duten langileekin egiten...

Enplegu Zentro Berezietako langileek enpresek eta administrazioek aniztasun funtzionala duten langileekin egiten duten negozioa salatu dute Jaurlaritzaren aurrean

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin dute Bilbon. Administrazio publikoa interpelatu dute, eta sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko exijitu dute.

Pasa den ikasturtean, sindikatuek mahai negoziatzailea deitu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegu Zentro Berezietako langileontzat lehen lan hitzarmena lortzeko. Deialdi horren aurrean, sektoreko patronalek —ELHABE, Berezilan, Connace, Feacem eta Confebaskek— ezezkoa eman zieten, hitzarmenaren negoziazioari atea itxiz.

Sindikatuen ordezkariek aitortza instituzionalaren eta hitzarmenaren borrokaren alde jarraitzen dute, ordea, eta, horregatik, patronalei salaketa juridikoa jarriko diete. Izan ere, sektorean diharduten enpresak diru publikoz hornitzen dira, laguntza ekonomikoen eta hainbat lizitazioren bidez, baina ez dituzte langileen aldarrikapenak lehenesten, eta ez dute aniztasun funtzionala duten langileen prekaritatea zalantzan jartzen.

Kontrara, egungo eredua ontzat hartzen dute, eta ez dituzte gutxieneko lan baldintzak bermatzen: lanbidearteko gutxieneko soldatari lotutako soldatak, gehiegizko lanaldiak, langileen aniztasun funtzionala kontuan hartzen ez duten lan osasun eredu pribatizatua… Gizarteratzearen eta enplegu babestua sortzearen aldeko apustua egiten duten enpresak direla diote, baina, benetan, langile hauekin negozioa egiten ari dira, haien lan indarraz aprobetxatzen eta diru publikoarekin.

Egoera horretan administrazio publikoak erantzukizun handia du. Izan ere, langileak prekarizatzen dituen ereduaren bultzatzaile eta babesle da. Gainera, administrazioak ez du ezer egiten aniztasun funtzionala duten langileak enpresa arruntetan integratzeko, eta egungo eredua iraunarazten du.

Horregatik, mobilizazioaren deitzaile diren sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eta sektoreko patronalei, ereduaren inguruko hausnarketa eta eraldaketa egiteko eskatzea gainera, hurrengo aldarrikapenak egin dizkiete sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko:

  1. 21.000 €-ko gutxieneko soldata: 1.500 € 14 pagatan.
  2. 1.592 lan-ordu urteko, malgutasuna kenduz eta jarduna behin baino gehiagotan eten ahal izan gabe.
  3. %100eko gaixotasun osagarria.
  4. Mutuak ezabatu.
  5. Fomento kontratuen erregulazioa eta errendimendu bajuko kontratuak debekatzea.
  6. Errelebo kontratua edukitzeko eskubidea.
  7. Euskalduntze eta berdintasun planak enpresa guztietan.
  8. Subrogaziorako eskubidea.
  9. Irabazi asmoko enpresetan sektoreko hitzarmena aplikatzeko derrigortasuna, beti baldintzarik hoberenak errespetatuz.
  10. Aldarrikapen politikoak: diziplina anitzeko taldeak enplegu arruntera heltzeko derrigortasuna enpresa guztietan, eta halakorik egiten ez duten enpresak zigortzea.

Aldarri horien guztien alde borrokatzeko, martxoaren 14an sindikatu deitzaileek mobilizazio jendetsu bat egin nahi dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko Udalaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek beste greba ziklo bati ekin diote

Gaur goizean manifestazioa eta elkarretaratzea egin dituzte, eta datozen egunetarako ere hainbat hitzordu iragarri dituzte.

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.