2026-09-29
HomeEkintza SindikalaIndustrian egoera kezkagarria: Langabeziak gora eta afiliazioak behera egin du

Industrian egoera kezkagarria: Langabeziak gora eta afiliazioak behera egin du

Hego Euskal Herrian 135.698 langabetu daude, pasa den urtean zein hilabetean baino gutxiago. Lan-merkatuaren egoera, ordea, ezin da langabezia-datu orokorren baitan soilik aztertu. Izan ere, langabeziaren beherakadari langile klasearen prekarietatearen adierazle diren hainbat aldagairen gorakadak kontrajartzen zaizkio.

Lan-merkatuaren egiturazko egoera kontuan hartuta, gaur ezagutu ditugun datuetatik abiatuta, lau ondorio azpimarratuko ditugu:

Bat. Langabezia-tasa orokorrak behera egin duen arren, industrian 202 langile gehiago daude lan bila pasa den urtetik. Orain arte, langabetu kopuruak gora egiten zuen arren, afiliazioak ere gora egiten jarraitzen zuen industrian. Azken hilabeteko datuetan, ordea, joera-aldaketa bat atzeman dugu: manufaktura-industrian langabeziak gora egitearekin batera, afiliazioak behera egin du, enplegua suntsitzen ari dela adieraziz. Izan ere, erregimen orokorreko afiliazioak maximo historikoa lortu zuen azaroan (1.098.651), baina urtean zehar manufaktura-industrian afiliazioak behera egin du, gainerako sektoreetan ez bezala. Azken hilabeteetan LAB sindikatuak lantokietan atzemandako egoera datuetan islatzen hasi da. Izan ere, ERTE bidez eutsitako egoeraren oinarriak agerian gelditzen ari dira: industria-sektorean enplegua suntsitzen ari da.

Bi. Migratuen artean langabeziak izan duen igoera ere azpimarratzekoa da. Igoera bereziki aurreko enplegurik gabekoen artean gertatu da, azken urtetik hona %6,37 igoz. Langabezian dauden migratuen %32,02k ez du aurreko enplegurik, eta %51,93 zerbitzu-sektorean ari da lana bilatzen.

Hiru. Jardunaldi partziala duten kontratuen proportzioa egituraz handia bada ere, azken hilabetean izan duen igoera nabarmendu behar da: %3,95 (aurreko urtearekin alderatuta, %2,56). Lan-baldintzak gero eta prekarioagoak direla adierazten duen beste aldagai bat behin-behineko kontratuen igoera da. Azken hilabetean, aldizkako kontratu finkoak jaitsi badira ere, azken urtean zein hilabetean batez beste behin-behineko kontratuek gora egin dute. Horren atzean zerbitzu-sektorearen zentralitatea dago, lan-baldintza prekarioak nagusi diren sektorea Hego Euskal Herrian indartzen ari baita: afiliatuen %73,69 zerbitzuetan dago izena emanda, eta %21,39 industrian.

Lau. Afiliazioaren hazkundeak zein langabeziaren beherakadak ekonomia egonkor dagoela pentsaraz dezakeen arren, egungo egoerak lan-baldintza prekarioetan gero eta sakonago doan lan-merkatu baten aurrean kokatzen gaitu. Aurreko urtean baino 275 kontratu gutxiago sinatu dira azaroan, eta sinatutako kontratuen %77,53 behin-behinekoak izan dira.

Testuinguru sozioekonomiko honetan, LAB sindikatuak langile guztientzat Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Igoera honek bereziki sektore feminizatuetan, gazteen artean eta langile migratu zein arrazializatuetan izango luke eragin handiena, hain zuzen ere egun lan-baldintza prekarioenak dituzten sektoreetan. Era berean, ezin da ahaztu EAEn hitzarmenen %30 langileei hitzarmen estatala aplikatzen zaiela, eta horietako askok LGS propioaren azpiko soldatak dituztela. Beraz, ezinbestekoa da lan-harremanak hemen negoziatu eta bertan erabakitzea. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan akordioa #LortuDugu!

Joan den astean, gure borroka publiko egin eta urrirako sei greba egun deitu zituzten Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan lan egiten duten SEULA enpresako langileek, herriko jaiekin bat etorriz. Gaur, enpresak premiazko bilera batera deitu gaitu eta, azkenean, orain arte defendatu izan ditugun baldintzetan lortu dugu akordioa sinatzea.

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako profesionalak grebara doaz berriz hitzarmen bat exijitzeko

LABek, Nafarroako ikuskizun eta ekitaldi sektorean %100aren ordezkaritza duenak, urriaren 10ean grebara deitu ditu sektoreko langileak, patronalari exijitzeko Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietarako laguntza teknikorako...