2026-10-28
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak negoziazio mahaiak inposizioaren irudia garbitzeko erabiltzen ditu

Eusko Jaurlaritzak negoziazio mahaiak inposizioaren irudia garbitzeko erabiltzen ditu

Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden sindikatuei gai zerrendarik gabeko bilera egutegi huts baten proposamena bidali die.

LABek, beste behin, salatu du Jaurlaritza honek ere ez duela negoziatzeko borondaterik, eta langile publikooi eragiten dien neurri guztiak alde bakarrez inposatzen dituela, edota, kasu batzuetan, gutxiengoaren sinadurekin. Horrek negoziazio kolektiboaren logika eta etika guztien kontra jotzen du, aurrez aurre.

Kontua da, hain zuzen ere, administrazio publikoak, legez, «borondate onez negoziatzera» behartuta daudela soilik, baina lan baldintzak ezartzeko ez dutela zertan sindikatuokin akordiorik erdietsi.

Jaurlaritzak beti heldu izan dio irizpide honi, eta Mahai Orokorraren bilerak inposatuko dituen neurriak publikoki iragartzeko erabiltzen dituela soilik, negoziazio luzeen ondorioz hartutako erabakiak bailiran. Egutegi hutsal honen proposamenarekin Mahai Orokorraren argazkia argiago ikusten da: edukirik gabeko bilera dinamikak soilik propaganda instituzionalerako tramite hutsa direla.

LABek argi du, Jaurlaritzarekin akordiorik egon denean, grebei eta mobilizazioei esker lortu izan dela. Gainera, akordio horiek betearazteko ere, langileok aktibatuta jarraitu behar dugu, eta borrokan jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan-arrazakeria, morofobia eta islamofobia badago, ez da benetako aniztasuna

Basquevolt enpresari lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobikoa eta islamofobikoagatik jarritako salaketaren epaiketaren aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen.

Urriaren 30eko grebari eusten diogu, Osakidetzarekin negoziatzeko beharrezko aurrerapenik ez dagoelako

Gehiengo sindikala osatzen dugunok proposamenak eskatzen ditugu plantillaren beharrei erantzuteari dagokionez, eta Osakidetzari gatazka-egoera konpontzeko borondatea eskatzen diogu. Onartezina da Osakidetzak gaur egun inolako soldata-proposamenik egin ez izana.

Ernaik eta LABek etxebizitza eta soldata duinen aldeko borrokara batzeko deia egiten diogu euskal gazteriari

Gazteen prekarizazioaren datuak argiak dira: 25 urte baino gutxiagoko langileen ia erdiak ez dira iristen 1.600 euroko soldatara, eta adin tarte horretako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairura. Aldaketarako aukerak daudela sinetsita, azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egin dute Ernaik eta LABek.