2026-06-16
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintza"Greba oso gogorra izaten ari da, baina ez dugu etsiko"

“Greba oso gogorra izaten ari da, baina ez dugu etsiko”

Larunbatean, Huerta de Peraltako langileek hiilabete bat beteko dute greba mugagabean. Hori dela eta, manifestazio batera deitu dugu Iruñean, 17:00etan, Gaztelu plazatik abiatuta. Mobilizazio horren atarian, agerraldi bat egin dugu, Azkoiengo enpresaren lan gatazka zertan den azaltzeko.

Huerta de Peraltako langile Abdellatif Goualek grebalarien asmoak laburtu ditu esaldi bakar batean: “Greba oso gogorra izaten ari da, eta oso luzea, baina ez dugu etsiko”.

LABeko Nafarroako ordezkari Imanol Karrerak hitz horiek berretsi ditu, eta deitoratu du enpresaren blokeo jarrera. Azaldu du gutxieneko bitartekaritza bat dutela irekita zuzendaritzarekin, baina hori bakarrik, mahaiaren beste aldean ez baitago borondaterik gatazkarekin amaitzeko. Enpresak LABek urtarrilean egindako proposamena baztertu du erabat, eta berean jarraitzen du; gainera, langileak kontratatu ditu grebaren eragina arintzeko, legez kanpo, eta kanpotik produktuak ekartzen ari da lanari aurre egiteko. Honi gehitu behar zaio Nafarroako Foruzainen jarrera oldarkorra.

Karrerak nabarmendu du grebalariak euren eskubideen alde ari direla, sufritzen duten egoera bidegabearekin amaitzeko. Hala, euren eskakizunak bidezkoak direla berretsi du: kaleratutako langileen berronartzea, azken hilabeteetan ezarritako zigorrak bertan behera geratzea eta grebalarien aurkako neurririk ez hartzea, zor zaien dirua (440.000) langileei itzultzearekin batera.

Era berean, LABeko ordezkariak jakinarazi du negoziazio prozesu bati ekiteko konpromisoa eskatzen dutela langileek. Hain zuzen ere, negoziazio prozesua itun bat lortzeko izango litzateke, egunerokotasunean oso gatazkatsuak diren hainbat gai lantzeko; hala nola, egutegia, oporrak, lan osasuna, kontratazioak edo soldatak. Horrela, lan harreman normalizatuak lortuko lirateke.

Larunbateko mobilizazioari dagokionez, agerraldian izan direnek jakinarazi dute klase elkartasuna aldarrikatuko dutela Iruñeko kaleetan, prekarietatearen aurkako borroka guztiak batuko baititu manifestazioak. Izan ere, Huerta de Peraltako gatazka helduleku hartuta, borrokan diren langile eta kolektibo guztiak daude deituta mobilizazioarekin bat egiteko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.