2024-05-04
HomeEkintza SindikalaKlase elkartasuna aldarrikatuko dugu urtarrilaren 26an, Iruñean, prekarietatearen aurkako borroka guztiak batuko...

Klase elkartasuna aldarrikatuko dugu urtarrilaren 26an, Iruñean, prekarietatearen aurkako borroka guztiak batuko dituen manifestazioan

Manifestaziora deitu dugu urtarrilaren 26rako, Iruñean, lan duina eta bizi duina aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, Huerta de Peraltako langileek greba mugagabea hasi zutela hilabete beteko denean, prekarietatearen eta esplotazioaren aurka kalera irtengo gara egun horretan, Iruñean. Borrokan garen enpresa eta sektoreak, LABeko komunitatea, emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta batu nahi duen oro deituta dago manifestaziora, 17:00etan, Gaztelu plazatik abiatuta. Hala jakinarazi dute LABeko idazkari ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak, komunikabideen aurrean Bilbon egindako agerraldian.

Gertatzen ari dena ulertzeko bizitzaren prekarizazio prozesu latzari erreparatu beharra dago. Estatuen aldetik ematen ari den inboluzioak langile-klasea jo-puntuan du. Inboluzio bikoitza da, politikoa eta soziala, eta eskutik doaz biak, eskutik doazen moduan, estatalizazioa eta lan harremanen prekarizazioa. Gure lan baldintzak hemen bertan negoziatu eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, prekarizazio prozesuan sakondu nahi dute.

Espainiako Estatuan PSOEren eskutik 2010ean etorritako erreformak negoziazio kolektiboa neutralizatzea izan zuen helburu. PPk 2012an bultzatutako erreformak, berriz, langile eta enpresarien arteko erabateko desoreka ekarri zuen. Erreforma horiek 13 neurri atzerakoi ezarri zituzten. Eta orain, “erreformaren kontraerreforma” iragarri badute ere, 13 neurri horietatik 2 besterik ez dituzte ukituko. Makillaje operazio baten aurrean gaude eta estatalizazioak bere horretan dirau.

Arrakala soziala areagotzen ari da. Indarrean den eredu heteropatriarka eta kapitalistan desorekak gero eta handiagoak dira, “Ongizate Estatuaren” likidazioak bizi baldintzak nabarmen okertzen ditu eta baldintza horien kaskartzea are okerragoa bilakatzen da zenbait jendarte-sektorerentzat: emakumeak, gazteak, pentsiodunak, migranteak.

Enpresariek lan esku merkearen premia adierazten dutenean, orduan bakarrik dira ongi etorriak migranteak, eta orduan ere, sasi-esklabutza lanetan, Huerta de Peraltako langilekin geratzen den moduan.

Huerta de Peraltako borroka, eredu
Huerta de Peraltako borrokak ohiko lan gatazka baten osagarriak ditu: greba mugagabean dira enpresak kaleratutako langileak berronarpenaren alde, hitzarmen sektoriala betetzea eta enpresa itun baterako negoziazioak irekitzea eskatzeko. Baina aparteko dimentsio sozial eta politikoa hartu du, aparteko ezaugarriak ere badituelako: duela bi urte muturreko esplotazio egoeran zeuden langile migrante hauek LABen antolatzea erabaki zuten. Antolatu egin dira, ahaldundu egin dira eta borrokara atera dira, modu solidario eta kolektiboan. Antolakuntza eta borroka sindikalaren balioa ikustarazi da, eta sindikalismoak langileen errealitate zehatza eraldatzeko tresna gisa duen balioa. Urteetan Nafarroako landa eremuan egondako gatazkarik handiena da eta agerian utzi du nafar jendarteak nahiz instituzioek duten erronka: Nafarroako landa eremuan lan eskubideak aitortu eta zabaltzea.

Huerta de Peraltan enpresa zikoitz baten itxikeria pairatzen duten dozenaka familien etorkizun hurbila jokoan dago, eta, gainera, Nafarroako landa eremuan garai berri bat irekitzeko aukera baten aurrean gaude. Esplotazioan oinarritutako eredua atzean uzteko borroka da hau, haien borroka, gure borroka, denon borroka.

Borroka ugari
Prekarieatatearen eta esplotazioaren aurka eta enplegu duinaren alde borroka sindikal ugari ditugu piztuak, ikusgarriak eta ikusarazi beharrekoak.

Horien artean aipamen berezia merezi dute sektore feminizatuetako borrokek, astinaldi morea ekarri dutelako lan munduan. Emakume langileok borrokan gara, prekarioetan prekarioenak diren lan esparru feminizatuak duintzeko.
Prekarietatearen kontrako antidotoa badugu: antolakuntza eta borroka sindikala. Eta horrez gain, beharrezkoak dira neurri politikoak ere: lan erreformen derogazioa eta lan harremanetarako esparru propioa, Euskal Herria prekarietatea eta esplotaziorik gabeko herria izan dadin. Bide horretan urratsak emateko dei egiten diegu EAEko zein Nafarroako Gobernuei.

Urtarrilaren 26a klase elkartasuna aldarrikatzeko eguna izango da. Borrokan garen enpresa eta sektoreak, LABeko komunitatea, emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta batu nahi duen oro, nor bere pankarta eta aldarrikapenarekin, guztion borrokak bat eginez, ongi etorria izango da.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.