2024-05-05
HomeJai inposaturik ez!Ez dugu zer ospatu, baina bai zer borrokatu, aldaketa sozialerako, aldaketa politikoak,...

Ez dugu zer ospatu, baina bai zer borrokatu, aldaketa sozialerako, aldaketa politikoak, Euskal Errepublika

Euskal errepublika aldarrikatzeko eguna izango da bihar Euskal Herrian. Horregatik, jai egun inposatua izan eta lanean aritzerik ez duten langile guztiei dei egiten diegu kalera ateratzeko. EHBilduk deituta 12:00etan Plaza Eliptikotik hasita, Bilbon, Euskal Errepublikaren alde egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen diegu. LABeko ordezkaritza bat ere manifestazio honetan izango da, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru dela.

Bihar abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenaren harira, jai egun inposatua dugu Hego Euskal Herrian. LAB sindikatuarentzat lan eguna izango da biharkoa, eta egoitza guztiak zabalik izango ditugu, ohiko dugun moduan. Hala, urtero legez, lan egutegi propio bat aldarrikatzen dugun neurrian, planto egingo diegu inposatutako jai egunei.

Frankismoan ezarritako zutabeen gainean eraiki da Konstituzioa eta sistema kapitalista heteropatriarkalaren garapenerako bermerik onena izan da. Euskal Herrian zein Catalunyan, estaturik gabeko nazioentzat, gure eskubide nazional, politiko eta sozialen ukazioa ekarri du, hamarkadetan. Kapitalaren nagusitasuna bermatu du Konstituzio espainiolak, langile klasearen zapalketa, herri sektore anitzen bazterketa eta miseria bideratu du (migranteen aurkako sorgin- ehiza, pobrezia eta bazterketa soziala…); euskal langileon eskubide laboral eta sozialak etengabe kolpatzea ahalbidetu du, krisi eta erasoaldi ezberdinak tarteko, eta hala, 40 urteren ondoren, bizitzaren prekarizazio aroari ateak ireki dizkio.

Eta zer esan, emakumeon* egoera espezifikoari dagokionez, Konstituzioaren aterkipean garatu den sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorio dira egun bizi-bizirik dauden diskriminazio ezberdinak, soldata arrakala eta indarkeria matxistari.

Emakumeon* zanpaketarako tresna izan da Konstituzioa. Zanpaketa politiko eta sozialerako tresna ere bai, ez ditu herrientzako, ez herritarrentzako oinarrizko eskubidea bermatzen, dela etxebizitza, direla lan eskubideak. Ez zen eskubideak bermatzeko sortu, espainiar “batasuna” defendatu eta asimilazioaren bidea bermatzeko, baizik. Eta kezkak bizi dugu, gainera, 40 urte geroago, eta lurralde krisi betean, ematen ari den inboluzio autoritarioa eta faxismoaren gorpuztea.

Espainiatik alde egin nahi dugunok ez dugu ezer ospatzeko. 78az geroztik geure borondatearen kontra lotzen gaituen katea, Espainiako Konstituzioa, lan duina eta bizi duinaren aurkako eraso zuzena da. Langileon eskubideak txikitzeko aukerak ziurtatzen dizkio botere ekonomikoari. Horrenbestez, eredu sozial eta ekonomiko berri bat eraiki nahi badugu, aldaketa soziala hauspotu behar dugu, eremu guztietan erabakitzeko eskubidea defendatu eta eraldaketa soziala burujabetza prozesu batekin uztartu.

78ko erregimenarekiko kateak apurtzeko unea da. Ez dugu zer ospatu, baina bai zer borrokatu: independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Demokrazia, justizia eta bakea. Burujabetza. Konstituzio propio bat, Estatu egitura propio bat, Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu.

Estatu propio bat behar du Euskal Herriak, erabakitzeko eskubidea oinarri. Herri aktibazioa eta borondatea dira aldaketa sozial eta politikoaren giltza. Jendartearen gehiengoaren nahiak erabakigarria behar du izan Espainiako Estatua bizitzen ari den lurralde krisiari irtenbidea emateko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.