2026-10-02
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakGizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak jarraipen zabala izan du

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak jarraipen zabala izan du

Sektorean Lan Hitzarmenaren eguneratzearen alde gauzatu ditugun aurreko bost greba egunekin gertatu den bezala, gaur ere, sektoreko seigarren greba egunak izan duen babesa oso zabala izan da, aurrekoen parekoa %65etik gorako jarraipenarekin. Gaurko Bilboko manifestazioan 5.000 langiletik gorak hartu dute parte, honek argi erakusten duelarik greba eta mobilizazioen helburu diren aldarrikapenekiko langileen atxekipena.

Aste honetako lau greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Ikastetxe hauetako langileok ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.

Patronalak ordea ez dira dagokien arduraz jokatzeko gai izaten ari. Horrela, bost greba egun ondoren, mugiarazi beharrean ikusi dira, eta azken egunotan bi proposamen helarazi dizkigute, aste honetarako aurreikusitako greba bezperan eta jadanik 5 greba egun gauzatu ondoren. Bi proposamen hauek ordea, 2017ko Azaroan egindako proposamenarekiko aurrerapauso aipagarririk ez daukate, eta sindikatuok adostutako gutxieneko plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen dute. Argi dago beraz, fede oneko negoziazio bati ekin eta langileen aldarrikapenei erantzutea baino gehiago grebak desaktibatzeko helburua izan dutela.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei, beraien langileen lan baldintzekiko duten ardura bere gain hartu, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko eskatzen diegu.

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.