2026-07-29
HomeEkintza SindikalaGutxieneko soldata propioaren aldeko iniziatibak 100.000 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko

Gutxieneko soldata propioaren aldeko iniziatibak 100.000 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko

Euskal langileek babes argia adierazi diote gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko gehiengo sindikalak martxan duen Herri Ekimen Legegileari, hiru hilabete aski izan baitira 100.000 sinadurako langa gainditzeko.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek uko egin diegu sinadurak biltzeko genituen beste hiru hilabeteri Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldataren eskumena ahal bezain pronto eska dezan. Era berean, Nafarroako Parlamentuan ere lege-proposamena izapidetu dezatela eskatu diegu Nafarroako alderdi politikoei.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika jarri genuen martxan urte hasieran. Helburu berarekin bi bide lantzeko konpromisoa hartu genuen:

– Lehena, egungo eskumenen baitan: Patronala lan harreman guztiak arautuko lituzkeen lanbidearteko akordio baterako negoziazio mahaira deitu genuen. Lehen deialdian mahaia eratzeari uko egin zion. Bigarren deialdi bat ere egin genuen, erabat gauzagarria den proposamena eramanez: 1.500 euroko gutxieneko soldata. Orduan, mahaira joateari ere ezetza eman zion.

– Bigarrena, eskumen berriak eskuratzeko iniziatiba: Herri Ekimen Legegile bat jarri genuen abian, langile estatutua aldatu eta Hego Euskal Herrian gure Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskumena helburu zuena. Kontu teknikoak tarteko, nahi baino gehiago luzatu zitzaigun sinadura bilketari hasiera emateko epea, maiatza hasieran hasi ginen sinadurak biltzen, eta hiru hilabete eskasen buruan 100.000 sinadura baino gehiago lortu ditugu. Arrakasta ikaragarria izan da. Langileriak iniziatiba honi modu masiboan eman dio babesa. Herriz herri, lantokiz lantoki, auzoz auzo, ehunka lagunek hartu dute parte sinadurak biltzen eta dinamika zabaltzen. Langile klasearen konpromisoa eta gehiengo sindikalaren ekimena uztartuta, geure buruari jarritako erronka bete dugu.

Sinadurak biltzeko beste hiru hilabete izan arren, helburuak beteta iritsi gara udara eta horrekin amaitutzat ematen dugu bilketa. Abuztu bukaeran sinadurak Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu eta herri ekimen legegilearen ibilbideak aurrera jarraituko du. Bertan, alderdi politikoek hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera izango dute: benetan badute gutxieneko soldata duinago baten aldeko borondatea, babesa eman diezaiotela ekimenari. Legebiltzarrak babesa emanez gero, Kongresura iritsiko da langileen eskubideak zabalduko dituen lege aldaketaren proposamena.

Era berean, Nafarroako Parlamentuak uko egin zion herri-ekimen legegilea izapidetzeari. Nafarroan ere milaka sinadura jaso dira gutxieneko soldataren eskumena autonomia erkidegoek ere izan dezaten eta, ondorioz, Nafarroako alderdi politikoek lege-proposamena erregistratu dezaten eskatu dugu sindikatuok.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren inguruko txostena argitaratu du. Gutxieneko soldata propio baten beharra agerian uzten du txostenak, baina ikuspegi murriztaile batetik egina da: bai eragin eremuari dagokionez —hitzarmeneko gutxienekoa proposatzen du—, baita zenbatekoari dagokionez ere.

Confebaskek, era berean, afera elkarrizketa sozialeko mahaira eraman nahi du, absentismoa bezalako gaiekin nahastuz eztabaida. Gaur hemen gauden sindikatuok garbi adierazi nahi dugu: elkarrizketa sozialeko mahaia ez da negoziazio kolektiboko markoa, eta ez da gutxieneko soldata negoziatzeko gunea. Patronalari dei egiten diogu: aitzakiak albo batera utzi eta onar dezala herri honetako errealitate sindikala. Egin dezala urratsa eta eseri dadila benetako negoziazio mahai batean. Eta garbi izan dezala gu ez gaudela prest langileon eskubideak murriztea dakarten proposamenen inguruan eztabaidatzeko.

Amaitzeko, alderdi politikoei ere dei zuzena luzatu nahi diegu: sinadura bilketak agerian utzi du langileriaren borondatea. Orain mugimendua babestu edo ez erabakitzeko unea duzue. Estatuan ezarritakoa baino gutxieneko soldata altuagoa behar dela esaten baduzue, orain da hori frogatzeko unea.

Langileon eskubideen defentsan, urrats sendoa eman dugu. Eta borrokan jarraituko dugu, gutxieneko soldata duin bat ezartzeko eskubidea geure esku egon arte.

Oraindik sinadura eman ez duenak honako lotura honetan egin dezake, modu errazean: lanbideartekosoldata.eus

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.