Langabezia tasa %7,3ra jaitsi da Hego Euskal Herrian, 103.600 herritar dago langabezian. Pasa den urtean baino 11.000 langabe gutxiago daude, baina 14.500 langile gutxiago dago lanean pasa den urtetik. Nafarroan, ordea, langabezia igo egin da, %7,9an kokatuz. Lan merkatuak enpleguak amortizatzen ditu, ordezkatu beharrean
Deigarria da aktibitate tasa jaitsi izana. Izan ere, azken urtean biztanle kopurua igo arren (27.700 herritar gehiago ditu HEHak), langile gutxiago (25.400) dago aktibo moduan, aktibitate tasa %56,38an kokatuz.
Sexu-generoaren arabera, azken urtean, langabezia tasa gizonen artean mantendu (%7,9) eta emakumeen artean jaitsi egin da (%6,6), aurreko urteko langabezia tasak irauliz. Aktibitate tasari erreparatzen badiogu, aldiz, gizonena (%60,1) baino nabarmen txikiagoa da emakumeen aktibitate tasa (%52,70), emakumeen erdia baino gehiago lan merkatutik kanpo dagoelarik.
Aktibitate tasaren jaitsiera biztanleriaren igoera eta aktibo modura lanean dagoen herritarren kopurua jaisten denean gertatzen da. Arrazoi ezberdinak egon badaitezke joera honen atzean, biztanleria inaktiboaren artean, jubilatuak eta ikasketetara emanda dagoen herritar multzoa handitu da. Gazteen artean langabezia tasa %22,8ra igo da, nagusitzen ari zaien enplegu prekario eskaintzaren aurrean, euren burua formatzen jarraitzeko hautua indartuz. Beraz, pentsatzekoa da enplegu galera gauzatzen ari dela, enplegu guztiak ez direlako ordezkatzen.
Langabezia zerbitzuak sektorean jaitsi da gehien langabezia, 4,41 puntu hain zuzen ere. Eraikuntzan eta epe luzeko langabetuen artean ere jaitsi da pasa den urtetik, industrian antzerako balioetan mantendu den bitartean. Epe luzez lan egin gabeko 3.600 herritarrek aurkitu dute lana azken urtean. Gaur egun, urte bete edo gehiago lan bila ari diren langileen tasa %44,1ekoa da, emakumeen artean %46,4ra igotzen delarik.
Kontratu motari dagokionean, jardunaldi partzialean lan egiten dutenen proportzioa handitzen ari da %16,8an kokatuz (duela urte bete baino 1,4 puntu gehiago). 4 emakumetik batek, gutxienez, (%26,2) jardunaldi partzialean dagoen bitartean, 10 gizonetik bat baino gutxiago dago jardunaldi partzialean. Azken urtean 15.900 langile gehiago dira jardunaldi partzialean, hauetatik %79.9 emakumeak direlarik. Adiz, hiruhilekoan jardunaldi osoko 19.500 okupatu gehiago daude, hauetatik %84,6a gizonak direlarik. Azken urtean, jardunaldi partzialeko 15.900 enplegu sortu diren bitartean, 30.400 enplegu gutxiago dira jardunaldi osokoak. Lan baldintza prekarioak nagusi dituen zerbitzuak sektoreak hartzen ari den garrantziaren eta baita azken urtean eman diren ERE-en ondorio argiak dira, lan baldintza duinagoak dituzten enplegua suntsitzen ari baita.
Langabezia jaitsi arren, lan merkatuaren egiturazko egoera kezkatzekoa da enplegu galera gertatzen ari baita. Aipatu dugun bezala, batetik, lan baldintza duinak dituzten enpleguak suntsitzen ari dira, prekarietatea gailenduz eta, bestetik, enpleguak ordezkatu beharrean amortizatutzat ematen dira edota jardunaldi partzialekin ordezkatzen dira. LAB sindikatuak Lan Harreman eta Babes Sozialerako Sistema propioa edukitzea ezinbestekotzat jotzen du, Esparru Propio baten baitan erabaki burujabeak bertako ekonomia zein langileen beharrak bermatuko dituena. Lan merkatuak dituen egiturazko gabeziak, eredu berri baten aldeko borrokarekin erantzungo diegu lan esparru guztietan.

