2026-06-14
HomeEkintza SindikalaEstatuaren oldarraldiaren aurrean, LABek eragile eta herritar euskaltzaleei euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa...

Estatuaren oldarraldiaren aurrean, LABek eragile eta herritar euskaltzaleei euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa sustatzera dei egiten die

Espainiar Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko dekretuaren hainbat artikuluren baliogabetzea berresten duen epaia atera du. Ebazpen honen bidez Gorenak euskara lehenestea debekatzen du, bere ustez horrek “koofizialtasuna urratzen” duelakoan. Baina ez du irakurketa bera egiten gaztelera lehenesten denean, egunero eta ia egoera guztietan. Euskarari lehentasuna ukatzeak, de facto gaztelerari lehentasuna onartzea dakar. Egoera desorekatuan dauden bi hizkuntza legalki modu berean tratatu beharra ezartzeak, desoreka hori betikotzea dakar; euskara normalizatu ahal izateko aldekotasun ekintza positibo legalak eta politikoak indarrean jarri behar dira.

Sindikatu gisa gainera, berariaz salatu beharra dugu epaiak udalei euskaraz jardun ahal izatea debekatzen diela, baita arnasguneetan ere. Hau da, udal langileok ezin izango dugu gure lana euskaraz normaltasunez garatu, gure hizkuntza-eskubideak urratuz.

Epai berri honek argi azaltzen du zein den espainiar auzitegien eta oro har espainiar estatuko botereen hizkuntza-ideologia eta ikuspuntu euskarafoboa: euskarak biziraun dezake, beti ere gaztelerarekiko mendekoa bada. Ez dute onartzen inola ere ez bi hizkuntzek estatus parekidea izatea. Ez dute onartuko euskara osoki normalizatzea berezkoa duen lurraldean, eta, horren bidez, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskara euskal herritarron kohesio sozialerako hizkuntza izatea.

Epai hau eta oldarraldi judiziala orokorrean, UEMAk duela egun batzuk ezagutzera eman zuen euskararen berreskurapen prozesuaren atzeraldi arriskuaren koiuntura historikoan gertatzen ari dela nabarmendu nahi dugu. Euskararen berreskurapen-prozesuak atzeraldian ez jauzteko neurri juridiko eta politikoetan jauzia eman beharra premiazkoa dela euskal jendartearen gehiengoaren adostasuna denean, espainiar estatuaren indarrak neurri horien aurkako ahalegin betean daude, hasiera-hasieratik indargabetu nahian. Hori pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren eta nazio zapalkuntzaren isla da. Horregatik, beste behin LAB sindikatutik kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza-politika burujabea indarrean jarri beharra aldarrikatzen dugu.

Estatuen oldarraldiaren aurrean, eragile eta herritar euskaltzaleok euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa sustatzeko ordua dugu. Euskararen normalizazio-prozesua bururaino emango duen jauzi berri baten premia dugu. Horrek bultzada sozial indartsuaren beharra izango duenez, helburu horrekin LABek udazkenean hainbat ekimen eta mobilizazio egingo ditu. LABek bat egiten du deituko diren mobilizazioekin eta horietan parte hartzera deitzen ditu euskal langileak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak

Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak. Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio...

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Fundiciones del Estandan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Azken asteetan mobilizazio fase luze bat aurrera eraman eta hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean etorri da lorpena.