2026-10-21
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaHuerta de Peralta-ko langileen %80k egin du greba enpresaren dinamika errepresiboagatik protesta...

Huerta de Peralta-ko langileen %80k egin du greba enpresaren dinamika errepresiboagatik protesta egiteko

LAB sindikatuak uste du arrakastatsua izan dela gaur Huelta de Peralta nekazaritza enpresan egin duten greba; barazkiak landatzen eta biltzen lan egiten duten langile guztiek egin baitute greba eta, oro har, %80koa izan baita lanuztearen segimendua, eguerdian jaso ditugun datuen arabera.

Eta hori guztia nahiz eta patronalak paratu dituen trabak ez diren gutxi izan. Adibidez, lan egitera joan diren langile gutxi horiendako garraio zerbitzu berezia jarri du gaur; baina ez du autobusa betetzea lortu. Eta grebarako deialdia egin zelarik, bideozaintza kamera bat instalatu zuten langileak beldurtzeko xedez, eta ohiko lan ordutegiak ere aldatu zituzten.

Gogoratzekoa da langile batzordeak grebarako deia egin zuela protesta egiteko enpresak kaleratzeak eta zigorrak erabiltzen dituelako zenbait langile erreprimitzeko eta ekintza sindikalaren aurkako mendeku gisa.

Dena dela, elkartasunak beldurra garaitu du gaurkoan eta langileek masiboki erantzun diote greba deialdiari. Langileek erakutsi dute indar handia dutela, eta ausardia, eta beren eskubideen aldeko borroka segitzeko erabaki irmoa, kaleraturiko langileak berriz hartu eta lan baldintzak hobetzeko helburuekin.

Lanuzteaz landara, langileek elkarretaratze jendetsua egin dute 12:00etan, enpresako ate nagusiaren ondoan. Eta gaurko mobilizazio eguna 17:00etan bukatuko da, toki horretatik beretik aterako den ibilgailu karabanarekin. Karabanaren bidez protesta inguruko herrietara eramanen dute -Azkoienera, Martzillara eta Funesera-.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko mahai orokorra: Eusko Jaurlaritza kudeaketa irizpideen bila joaten da Madrilera

Langile publikoen soldata igoera, erretiro-txanda kontratua, egonkortasunaren kalte-ordainak, lanaldi murrizketa... Madrilek zer esango zain gelditzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, inolako ekimenik hartu gabe.

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.