2026-02-01
HomeEkintza SindikalaLABek 20 minutuko lanuzteak deitu ditu Volkswagenen, hilabetez, C kakoa behin betiko...

LABek 20 minutuko lanuzteak deitu ditu Volkswagenen, hilabetez, C kakoa behin betiko kentzea exijitzeko

Volkswagenek Landabenen (Nafarroa) duen lantegian LABek duen sail sindikalak dei egin die lantegiko langile guztiei lan-txanda bakoitzeko 20 minutuko lanuzteak egitera ekainaren 2tik uztailaren 2ra, biak barne. LABek egungo C kakoa behin betiko kentzea exijitzen du eta, olagarroak kentzen ez diren bitartean, txanda bakoitzeko bi atsedenaldi gehigarri ematea olagarroek kalteturiko lankideei, jasaten dituzten lan baldintza neketsuak neurri batean arintzeko.

C kakoaren arazoa konpontzeko enpresak erakutsitako mespretxu eta axolagabekeriaren aitzinean, Nafarroako Volkswageneko LABeko sail sindikalak gibelera botatzeko exijitu du berriz ere, eta fabrika osorako 10 minutuko bi lanuzte deitu ditu, legezko grebakoak, txandaka ondorengo ordutegietan: goizeko txandan 07:00etatik 07:10era eta 11:30etik 11:40ra; arratsaldekoan 15:00etik 15:10era eta 19:30etik 19:40era; eta gauekoan 00:30etik 00:40era eta 02:30etik 02:40era. Lanuzteak ekainaren 2tik uztailaren 2ra izanen dira, biak barne.

Era berean, eta olagarroak kentzen ez dituzten bitartean, LABek exijitzen du C kakoak eragindako langileei txanda bakoitzeko bi atsedenaldi gehigarri ematea, jasaten dituzten lan baldintza neketsuak neurri batean arintzeko.

C kakoa Volkswagenen ekoizpen-lerroan sartzea geldituta egotea ez da inolako negoziazioren ondorio izan. Langile batzuek dituzten lan-baldintza negargarrien salaketa publikoaren ondorio izan da. Non daude analisi antropometrikoak? Non dago lanpostua langileari egokitzea?

Apirilaren 24tik erretiratzea aldarrikatuz

LAB, ELA eta CGTko sail sindikalek elkarretaratzea deitu zuten apirilaren 24an, prentsaurreko batekin batera, arazoa gizarteratzeko eta salatzeko, eta apirilaren 28an, laneko segurtasunaren eta osasunaren mundu egunaren harira, greba eguna egin zuten.

Geroago, maiatzaren 8an, oso gertakari larria gertatu zen C kako batekin. Aipaturiko sindikatuek 9an salatu zuten, eta berriz eskatu zuten C kako guztiak kentzeko. Egun hartan berean, ezaugarri bereko gorabehera bat gertatu zen C kako batekin, eta, kasualitatez, egun hartan ere UGT eta CCOO akordioa lortu zuten enpresarekin, C kakoaren sarrera geldiarazteko.

Maiatzaren 12an, produktibitateari eta lan osasunari buruzko bilera batean, enpresak LAB, ELA eta CGTri aurpegiratu zizkien bere jarduera guztiak, eta dinamika horrekin jarraituz gero azalpen gehiagorik ez emateko mehatxua egin zien. Gainera, eta hau da larriena, zirkuituan gelditzen diren 43 C kakoak kentzeari uko egin zion.

Azkenik, maiatzaren 26ko hileroko egutegiaren bileran, gaiari bukaera eman eta planteatutako kontuei erantzun beharrean, enpresa berriz ere luzamendutan ibili zen eta aitzakiak eskaini zituen konponbide posible bat denboran are gehiago luzatzeko.

LABen ustez, auzi honi berehala erantzun behar zaio, ezin da gehiago gibelatu. Hilabete baino gehiago iragan baita eta Volkswagen Nafarroak ez die planteaturiko galderei erantzunik eman, hilabete baino gehiago iragan baita kaltetuen lan-baldintzak hobetzeko ekintzarik egin gabe, hilabete baino gehiago iragan baita langileen osasuna arriskuan dagoela. Ezbeharren bat gertatu behar da egungo C kakoa behin betiko kentzeko?

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...