Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eta enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatuko dituen eredu baten alde egingo du sindikatuak Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Baionan, Tuteran eta Maulen.
Testuinguru global geroz eta konplexuago honetan, eredu aldaketa eragotzi eta zanpaketari eusteko xedez, elite ekonomikoek gerraren estrategiari heldu eta olatu erreakzionarioa hauspotu dute. Horren aurrean, norabide aldaketa aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean. Izan ere, beste mundu bat, posible ez ezik, beharrezkoa ere badela aldarrikatuko du LABek bihar, eta bestelako mundu horren alde egiteko burujabetzaren beharra mahaigaineratuko du; burujabetza handiagoa enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko; burujabetza handiagoa gure ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzeko; eta burujabetza handiagoa bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial eta ekonomikoa eraikitzeko.
Eredu horretara bidean, hiru eremu lehentasunezkotzat jo ditu aurten LABek: zerbitzu publikoei dagokienez, hamarkadetako politika pribatizatzaileak alboratu eta herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzea; industria politikari dagokionez, planifikazioan, esku hartze publikoan eta langileen parte hartzean oinarritutako trantsizio ekosozialerako industria politika garatzea; eta, azkenik, herritar guztiei gutxienek diru-sarrerak bermatzea.
Azken helburu horri lotuta dago, hain justu, aurtengo Maiatzaren Lehenean LABek plazaratuko duen aldarrikapen nagusia: gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea. Aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakalak murrizteko ezinbestekoak diren neurrion aldeko ekimen betean dator aurtengo Maiatzaren Lehena. Izan ere, gutxieneko soldata propioa eta duina lortzeko bidean, bi ekimen martxan ditu euskal gehiengo sindikalak: negoziazio kolektiboaren bidez egin beharrekoa eta berriki martxan jarritako Herri Ekimen Legegilea, Hego Euskal Herriko gobernuek gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten helburu duena.
LABek dei egin die langile guztiei Euskal Herri osoan egingo dituen mobilizazioetan parte hartzera, eta denon bizitzak erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomiko berri bat ozen aldarrikatzera.

