2026-07-31
HomeEkintza SindikalaSimply-Alcampok Gasteizen igande eta jai egunetan irekitzeko hartutako erabakia salatu dugu

Simply-Alcampok Gasteizen igande eta jai egunetan irekitzeko hartutako erabakia salatu dugu

Supermercados SABECO SAUk (SIMPLY – ALCAMPO) Gasteizko Ibilbidean SIMPLY CITY izenpean orain arte izan duen denda, urteko 365 egunetan, igande eta jai egunetan barne, irekitzeko hartutako erabakiaren berri izan du LABek.

Erabaki honek, lan zentroa “komenentziazko denda” batean eraldatzea suposatzen du. Denda hauek, beste gauza batzuen artean, urteko 365 egunetan 18 orduz irekita egon daitezke.

Enpresa honezkero lan egutegi berriak banatzen ari da banan-banan langileei. Egutegi horietan, beste gauza batzuen artean, igandeak lan egun bezala adierazten dira, eta 01:15ak ixteko ordutegi bezala. Honek langileen lan baldintzen funtsezko aldaketa bat suposatzen du, hala ere, enpresak kasu hauetan aurrera eraman beharreko prozedura ez du bete, eta ez die langileei aldaketa honen berri idatziz eman.

LAB sindikatuak enpresak hartutako erabakia arbuiatzen du, eta irmoki borrokatuko duela adierazten du. Urteak daramatzagu igande eta jai egunetan zero irekierak aldarrikatzen, eta langileen kontziliazio pertsonal eta laboralerako eskubidea defendatzen. Liberalizazioaren aurka gaude, enpresa handien mesedetan bakarrik delako, kalitatezko enplegua suntsitzen duelako, eta gure kontsumo ereduak aldatzea ahalegintzen delako.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.