2026-06-19
HomeEkintza SindikalaLangileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

Bileraren ondotik egindako adierazpenetan, Igor Arroyok burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren aldeko eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: “Eremu guztiak lehiatu behar dizkiogu Kapitalari eta harekin lerratutako eragile politikoei: lantokiak, kaleak eta instituzioak”.

Ildo honetan, azken urteotako borroka sozial eta sindikalei esker, agenda politikoan euskal langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu direla nabarmendu du Arroyok, hala nola, osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak edota gutxieneko soldata.

Halere, eztabaida hauek faltsuan ixteko arriskuaz ohartarazi du: “Pradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketa handirik ikusten: EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritza”.

Hau dela eta, borroka sindikal, sozial eta politikoari eustearen garrantzia azpimarratu du Arroyok, agenda politikoan diren eztabaidak neurri sakonak hartu gabe itxi ez daitezen. Ildo honetan, bihar Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko pentsio eta soldataren alde egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin du.

Hiru lehentasun aipatu ditu, hain zuzen ere, Arroyok: gutxieneko soldata eta pentsioa, zerbitzu publikoak eta politika industriala. Gutxieneko soldatari dagokionez, EH Bilduk egindako lana eskertu du Arroyok eta aktiboki eragiten jarraitzeko eskatu dio. Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin kritiko azaldu da: “Ez da nahikoa Confebaskek negoziatu dezan eskatzearekin. Jaurlaritzak babes instituzional, politiko eta ekonomiko handia ematen dio Patronalari. Baldintzatu dezala babes hori gutxieneko soldata propioa negoziatzeko konpromisoa lortzeko. Patronalak jendartearengandik onurak jaso eta jaso bai, baina jendartearekiko bere betebeharrei muzin egitea onartezina da”.

Zerbitzu publikoei dagokionez, hamarkadetako politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra defendatu du Arroyok: “Sindikatuok urteak daramatzagu salatzen osasun sistema publikoaren egoera, eskola publikoaren azpigarapena edota zaintza eremuaren pribatizazioa. Sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztien osasuna, heziketa eta zaintza bermatzeko”.

Azkenik, langileekin adostutako trantsizio industrialaren beharraz mintzatu da Arroyo: “Azken bi hamarkadetan ez da egon politika industrialik, baliabide publikoak enpresa handien esku jartzera mugatu da Jaurlaritza. Orain, energia iturrien aldaketak eta krisi klimatikoak behartutako eraldaketa beharrezkoa den honetan, akats berbera errepikatzeko arriskuan gaude”. Horren ordez, trantsizio ekosozial baterako hiru irizpide defendatzen ditu LABek: planifikazioa, esku hartze publiko zuzena (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.