2026-05-13
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaLangile bat hil da Legution, laugarren lan heriotza bost eguneko epean

Langile bat hil da Legution, laugarren lan heriotza bost eguneko epean

Joan den ostiralean izandako lan heriotzak salatu ditugu gaur Corellan, udaletxe plazan, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok. Minutu batzuk lehenago, ordea, beste lan heriotz baten berri izan dugu. Hain zuzen ere, Arabako Legutioko Olatek enpresako langile batek istripu hilgarri bat izan du. Istripua izandako langilea azpikontrata batekoa zen, eta erabiltzen ari ziren garabi batetik pieza bat erorita hil da.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik elkartasuna eta samina adierazi nahi diogu langilearen familia, ahaide eta enpresako langileagoarekin. Zendutako langile berri honekin gutxienez 31 dira aurten Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak, atzo beste langile baten heriotzaren berri izan baigenuen: Nafarroako Cintruenigoko garraiolari batek bizia galdu zuen asteartean Fragan (Huesca), gidatzen zuen kamioia errepidetik atera eta gero.

Legutioko lan istripuari dagokionez, azpikontrata bateko langile batek pairatutako beste istripu baten aurrean gaude. Azpikontratazioa lan heriotzen zorigaiztoko ezaugarri bat da: eskubide falta, prebentzio neurri falta, erritmo azkarrak, presioa, koordinazio eta kontrol neurri eza, hau guztia gutxi batzuen irabazien mesedetan. Osalanen datuen arabera, azpikontratazioa dago lan heriotzen %40aren atzean.

Eredu honek ekartzen dituen ondorioekin nazka nazka eginda gaude, mozkin eta irabaziak langileen osasuna eta bizitzaren aurretik jartzen baitira. Nabarmendu nahi dugu gertakari hauen aurrean enpresari elkarteen ardura, eta gertakari hauen aurrean duten isiltasuna, edo larriena dena oraindik, Confebaskek modu lotsagarri batean berdintzen dituenean errepide eta lan istripuak, ausazkoak balira bezala. Bada, ez, erantzuleak badaude. Ikerketaz ikerketa ikusten den moduan, ez da zorte kontua.

Erakundeei, Osalani eta lan delegaritzari dei egiten diegu behar bezalako ikerketa eta neurriak har ditzaten enpresa hauen aurrean, eta behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrolatu dezaten. Beharrezkoa ikusten dugu eredu aldaketa, beharrezkoa da langileon osasuna, bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzea.

LAB sindikatutik langileon osasuna eta eskubideen alde lanean eta borrokan jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik, heriotz berri hau salatzeko gauzatuko dugun elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu, ostiral honetan, gehiengo sindikalak deituta, eguerdiko 12:00etan, Gasteizko Korreos plazan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak hasiko ditu Gasteizko Vitalquiler Adaniaren maizterren LABeko atal sindikalak

Etxebizitzak babes ofizialeko kalifikazioa galtzen ari direla aprobetxatuz, errenta igoera neurrigabeak eta abusuzko klausulak ezarri nahi ditu Adania promotoreak kontratu berrietan. Horren aurrean, maizterrek mobilizazioa egingo dute bihar, baldintza duinak aldarrikatzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu gerraren kontra eta denontzako bizitza duinak eskatzeko

Agerraldia egin dute gaur Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan biltzen diren eragile sozial eta sindikalek. Bertan, gerren, militarismoaren eta gastu militarraren igoeraren aurka...

Bizkaiko suhiltzaileak lan-baldintzen hobekuntzaren alde borrokan

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileak mobilizazioak egiten ari dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere, Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Legeak jasotzen duen bezala.