2024-05-05
HomeIndustriaMetalgintzaPatronalaren erasoei aurre egingo diegu Abadiñoko Rothenbergerren

Patronalaren erasoei aurre egingo diegu Abadiñoko Rothenbergerren

Iragan urteko bukaera aldera, Abadiñoko Rothenberger lantokiko langileak greba baten atarian zeuden. Grebaren helburua soldaten eguneratzea, lanaldiaren murrizketa, jubilazio partzialak, lanpostu finkoen sorrera… eta beste puntu batzuk jasoko zituen Enpresa Hitzarmena erdiestea zen. Langileak eta enpresa, aipatu greba horien atarian zeudela, enpresako zuzendaritzako kide bat, langileei, lanpostua mantendu nahi bazuten, greba ez egiteko “gonbidapena” egiten ari zela zabaldu zen whatsapp-etik.

Zuzendaritzako kide honek, bere izena bolo-bolo zebilela ikusirik, salaketa bat jarri zuen Eibarko Ertzainetxean. Salaketa horretan, mehatxatuta sentitzen zela eta bere alaben segurtasunaz kezkatuta zegoela zioen. Berak jarritako salaketan, whatsapp-eko mezu hori jasotzen da, eta bertan, ez dago mehatxurik eta ez dira bere alabak aipatu ere egiten. Aipatzen den mehatxu bakarra, zuzendaritzako kide honek langileei eginikoa da. Hau da, bera zela, langileek mehatxatzen ari zena.

Ertzaintzak eginiko ikerketa sakon bat dela eta (bi telefono dei), LAB sindikatuko militante bat salatua izan da. Aipaturiko kide honi, “mehatxu” delitua egozten diote eta urte honetako urriaren 2an epaiketa izango du Eibarko epaitegian.

Idatzi honen hasieran aipatzen genuen gatazka laborala, konpondua dago, langileek eta enpresako zuzendaritzak akordioa sinatuta baitaukate aspaldi. LABeko gure kidearen aurka salaketa horrekin aurrera egiteko arrazoi bakarra zuzendaritzako kide honek duen harrokeria eta jarrera zapaltzailea besterik ez dela deritzogu. Hori dela eta argi adierazi nahi dugu: LABeko gure kideari gure babes osoa adierazteaz ezezik, zuzendaritzako pertsona honek duen jarrera salatuko dugu. Ez dugu onartuko, bere postuaz baliatuz, langileak mehatxatzerik eta ezta ere bere jarrera horren kontra ahotsa altxatzen duenaren kontra darabilen jarrera zapaltzailerik. Argi eta garbi, ez dugu onartuko. Funtsik gabeko salaketa horrekin aurrera jarraitzen baldin badu, guk ere geure salaketa publikoarekin jarraituko dugu. Salaketa hori bertan behera utzi dezala exijitzen diogu.

Aipatu behar da, hemen mehatxatzen ibili den pertsona bakarra, Rothenberger-eko zuzendaritzako kide hau dela. Gauzatu egin diren mehatxuak, gainera. Izan ere, aipaturiko gatazka horretan greba egin zuten langile batzuk kaleratuak izan ziren. Greba egin ez zutenak ordea, denak daude lanean. Nor da hemen mehatxatzen ari dena? Gauzatu diren mehatxuak, gainera! Aurpegia behar da gero!

Rothenberger-eko zuzendaritzak, aipaturiko pertsonaia honen eskutik egikaritzen duen jazarpen sindikala irmoki salatzen dugu.

Alferrik dabiltza, ez gaituzte isilduko.

Patronalaren jazarpen eta mehatxu guztien gainetik, langileok tinko eta gogor erantzungo dugu.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.