2026-06-19
HomeLAB Sindikatua‘1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen’ erakusketa ikusgai egonen da Nafarroako Parlamentuan otsailaren 4tik...

‘1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen’ erakusketa ikusgai egonen da Nafarroako Parlamentuan otsailaren 4tik 20ra

Gaur, Nafarroako Parlamentuan, 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketaren inaugurazio ekitaldi instituzionala egin da, bertan egonen baita ikusgai otsailaren 4tik 20ra. Ekitaldian Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Imanol Karrera LABeko bozeramaileak hartu dute hitza. Gainera, bertan izan dira Parlamentuko Mahaiko kideak eta bozeramaileak, eta eragile sozial eta sindikalen ordezkariak, sindikatuko militanteak eta jarraitzaileak.

1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketak sindikatuaren historiari buruzko zertzelada batzuk ematen dituzten hamar panel handi jasotzen ditu, baita Maiatzaren Leheneko LABen kartel gehienak ere, eta zenbait objektu eta dokumentu zahar hurbiletik ikusteko eta ukitzeko aukera ematen duten lau mahai ere bai. Erakusketa honekin LABek bukatutzat joko ditu 50. urteurrenari buruzko ospakizunak.

Erakusketa Nafarroako Parlamentuan egonagatik ere, ikuspegi orokorra du, nazionala. Hau da, ez da bakarrik Nafarroari buruzkoa. Hala ere, panel orokorretan Nafarroako gauzak agertzen dira, noski, eta gainera lau aldeko zutabe oso batean azaldu dira LABek herrialde honetan dituen zenbakiak, Parlamentuarekiko harremana eta zenbait lorpen nabarmen.

LABek sustrai sendoak ditu Nafarroan. Baina urtetan baztertua izan da, baita Parlamentuan ere. Horixe aipatu izan dute gaur beren mintzaldietan bai Hualde lehendakariak bai Karrera LABeko bozeramaileak. Bazterketa hori gainditzen ari da eta horren erakusgarri da LABek bere ibilbideaz harro azaltzeko moduko erakusketa paratu duela Parlamentuan berean.

LABek umiltasun osoz aitortzen du une honetan Nafarroako 4. indar sindikala dela, horren kontzientea da, baina hori horrela izanik ere, herrialdeko borroka sindikaletan determinantea dela aldarrikatzen du. Nafarroako ekosistema sindikala aldatzen ekarpena egiten duen sindikatua da. Beti ere langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko, langileriak klase bezala behar duen bere herriaren aldeko burujabetzaren alde, aldaketa sozialaren alde.

Erakusketan, LABen historiak argi uzten du sindikalismoa egiteko beste modu bat duela: herriarekin eta langileriarekin konektatzen duen euskal sindikalismo eraldatzailea. Izaera ezberdin eta berri hori Parlamentuarekin izan eta baduen harremanean agerian geratzen da. Hala, Parlamentuaren barnean (bileretan, lan saioetan, lege proposamenetan…), aurrean (elkarretaratzeetan) zein gainean (kateaturik, zintzilikaturik) aktiboa eta borrokalaria izan da LAB, langileen eskubideen eta interesen defentsan, borrokak ematen duen indarretik, kontraboteretik proposamenak egiten.

Nafarroan LABen datuak aintzat hartuta, gero eta langile gehiagok bat egiten dute bere ezaugarriekin eta balioekin. Horregatik guztiagatik, horietan guztietan eta azken urteetan bereak egin dituen beste balio batzuetan berresten da.

1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketa otsailaren 4tik 20ra egonen da ikusgai Iruñean, Nafarroako Parlamentuan, astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik), 09:00etatik 20:0etara, eta larunbatetan 11:30etik, 14:00etara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.

Ikuskizunetako teknikarien sektoreko langileek greba egun gehiago iragarri dituzte

Patronala mugitzen ez dela eta, lanuzteei berrekingo diegu hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok.