2026-11-09
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean jite inposatzaileari eutsiko diola frogatu du

Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean jite inposatzaileari eutsiko diola frogatu du

Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorraren bilerara ez etortzea erabaki du. Jaurlaritzak, ordea, langile publikoen sindikatuekin bilera antzuak egiteko dinamikari eusten dio, mahai gainean edukirik jarri gabe. Bitartean, sindikatuok mespretxatzen jarraitzen du, gaur erakutsi duenez: ez da azaldu Mahai Orokorrera.

Bitartean, aurrekontuak eta politika fiskala bere helburu neoliberalen arabera garatzen jarraitzen du. Helburu horien artean ‘segurtasuna’ delakoa lehenesten du. Poliziarentzat dirua eta baliabideak lortu ditu, eta Madrilgo mugak gainditzeko zirrikituak aurkitu ditu. Hor joko arauak aldatu ditu, baina sindikatuekin denbora galtzearen estrategiari eusten dio.

Jaurlaritza berria osatu zenetik ez-negoziazio mahaian aldatu diren bakarrak aurpegiak dira, eta Jaurlaritzak ohikoak dituen inposizioa eta mespretxua mantentzen ditu. Horrela, soldata igoera eta txanda-erretirorako neurriak Madrilen zehaztu bezalaxe inposatzen jarraitzen du EAEn, langileon beharren eta iritziaren kontra. Harrituko dira grebak eta mobilizazioak deitzen badira, horretarako arrazoirik ez baitute ikusi nahi. Elkarrizketarako dei gezurtiak egiten jarraituko dute, mobilizazioak neutralizatzen saiatzeko.

Aurreko Jaurlaritzak egin bezala, Pradalesen gobernuak ere Ertzaintzaren soldatak igotzeko akordioa aurkeztu berri du, eta horren aurrean hiru ondorio argi atera ditzakegu: lehena, dirua egon badagoela; bigarrena, Madrilek inposatutako mugak saihestu daitezkeela, borondaterik baldin badago; hirugarrena, Jaurlaritzak segurtasunari eta Ertzaintzari ematen dion garrantzia ez diola beste ezein zerbitzu publikori ematen; are gutxiago, bere langileei (Osakidetza, zaintza, hezkuntza, administrazio eta enpresa publikoak…).

Iaz hiru greba egin genituen sindikatuok elkarlanean aldarrikapen taula baten inguruan. LABek gai hauen inguruan bilatuko ditu akordioak: enplegua; lan osasuna; zaintza ere barnebilduko duten publifikazio planak; zerbitzuak eta lana euskalduntzea; soldatak duintzea; eta neurri feministak.

LABek jarraituko du negoziazioak eta borrokak bultzatzen langileon beharrak inongo inposiziorik gabe eta Euskal Herrian negoziatzeko. Ez gara Eusko Jaurlaritzak edukirik gabeko bilera antzuak deitzeko zain egongo, eta oraingoan ere beste sindikatuekin elkarlanean arituko gara. Borrokaren bidez agintarien borondatea alda daitekeela frogatu dugu, eta ildo beretik joko dugu gure aldarrikapenak politika jakinetan gauzatu arte. Negoziazio kolektiboa bermatu, inposiziorik ez!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

[IRITZIA]: Euskal langileria greba orokorrera

Igor Arroyo eta Garbiñe Aranbururen iritzi artikulua azaroaren 11ko Greba Orokorraren bezperetan. Azaro honetan euskal langileriari greba orokorrerako deia egin zaio Bidasoaren bi aldeetan: azaroaren...

Tolosako hiru ataritako bizilagunak antolatzen hasi dira Adania etxejabearen mehatxuen aurrean

1, 2 eta 3 zenbakietako etxebizitzak Euskal Herriko etxejaberik handiena denaren esku daude, eta maizterrak LABen antolatzen hasi dira. Astelehenean asanblada irekia egin zuten...

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.