2026-08-05
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakPatronalen erantzun ezak greba deialdiak indartzera behartzen gaitu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Patronalen erantzun ezak greba deialdiak indartzera behartzen gaitu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Maiatzaren 15 eta 16ra deitu dugu grebara.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako testua:

Kristau Eskola, AICE, Ikasgiltza eta Elizbarrutiko Ikastetxeen aldetik gure eskariei emandako erantzun ezak eta EAEko Gizarte Ekimeneko sektoreko langileek martxoaren 20ko grebari emandako babes handia ikusita, sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok (ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT) bi greba-egun gehiago iragartzen ditugu ikasturteko hirugarren hiruhilekorako.

Honez gero jakingo duzuenez, iazko irailean, negoziazioa urtetan ito-puntuan egon ondoren eta hitzarmena 2009tik berritu gabe, sindikatuok gutxienezko eskariak jasotzen zituen plataforma bateratua aurkeztu genien patronalei, baina ez ziguten ganoraz erantzun. Hori zela-eta, azaroan sektoreko sindikatuok negoziazio-mahaia utzi genuen, eta mobilizazio-sail bati ekin genion, bertan geldirik zeuden patronalak mugiarazteko modu bakarra zelakoan.

Martxoaren 20an sektoreko langileok oso modu zabalean babestu genuen ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok egindako greba deialdia. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izandako manifestazio jendetsuak sektorea ia-ia guztiz gelditu zelaren frogarik argiena dira, %70tik gorako jarraipenarekin. Egun hartan ondo agerian geratu zen premiazkoa zela negoziazioak edukiz betetzea, eta gure eguneroko lanerako eta gure lan-baldintzetarako behar-beharrezkoak diren alderdiak adostea: ordu osagarriak, kidegorik prekarioenak artatzea (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), enpleguari eusteko plan baten beharra, eta galdutako eroste-ahalmena arian-arian berreskuratzea.

Gure aldarrikapenak oso argiak dira, baina patronalen aldetik ez dute erantzunik izan, beraien ardurak saihesten eta informazio toxikoa zabaltzen jarraitzen duten bitartean. Aukera baliatu nahi dugu argi uzteko ez dela egia gure eskaerek ikastetxeen bideragarritasuna arriskuan jartzen dutenik; horietako batzuk ez dute kostu ekonomikorik (ordu osagarrien kasuan) eta beste batzuk kolektibo txikiei eragiten diete.
Patronalaren proposamen ezaren aurrean mobilizazioak indartu behar ditugu, bi greba-egun gehiagorekin. Maiatzaren 15a eta 16a izango dira, eta greba-deia EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxe guztietako langileentzako da: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala.

Aurrera begira egoera aldatu ezean, mobilizazioak areagotu beharko ditugu hurrengo ikasturtean, greba deialdi berriekin. Horiek garaiz iragarriko ditugu, baina kopuruz askoz nabarmenagoak izango direla aldez aurretik esan dezakegu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...