2024-05-04
HomeEkintza SozialaMundu guztiko bizilagunontzat eskubide guztiak aldarrikatzen ditugu, Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako...

Mundu guztiko bizilagunontzat eskubide guztiak aldarrikatzen ditugu, Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Egunaren etorrerarekin

Bihar da martxoaren 21a, Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako eguna. 2017ko maiatzean Gasteizen egindako Biltzar Nazionalean onartutako gaiaren inguruko ebazpena berretsi du LABek eta ondorengo egunetan egingo diren ekimenekin bat egin dugu. Bilbon “Hiritartasuna guztiontzat” lemapean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dugu, besteak beste. Mobilizazioa 19:00etan abiatuko da Arriagatik.

Era berean, Nafarroako SOS Arrazakeriak “Emakumeak eta migrazioa” izenburupean egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin nahi du LABek. Martxoaren 22an, “La Rebelde” Nafarrokoa etxeko langileen elkartearen aurkezpena egingo da Iruñeko Maravillas Gaztetxean, 19:30ean. Martxoaren 23an, “Adela”, Carabancheleko Herri Batzarraren lan autodefentsaren aurkezpean egingo da, 19:30ean Zabaldin. Azkenik, martxoaren 24an, Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako manifestazioa egingo da 12:00etan Gaztelu plazatik abiatuta eta 13:00etan, Arrazakeriaren aurkako hamaiketakoa Maravillas Gaztetxean.

Ebazpena
LABen 9. Biltzar Nagusian, hurrengo ebazpena onartu genuen. Bertan agertzen diren aldarrikapenen alde borrokan arituko gara hurrengo urteetan:

Munduan zapalduta eta esplotatuta gauden herrietako langile guztiok helburu bera dugu: sistema kapitalista, heteropatriarkala eta neokolonialarekin amaitzea, gure gorputz, herri, bizitza eta planeta kolpatzen dituelako

Krisi global bati aurre egiten ari gara, krisi sistemiko eta zibilizatzailea, aurrekaririk gabekoa gizaki mailan. Sistema honen ezaugarri nagusien artean krisi ekologikoa daukagu, horren ondorioz, desertifikazioa, natur baliabideen agortzea, lur eta uren arpilatzea, eta komunitateeen deserriratzea ematen dira. Inperialismoak herrien burujabetza merkataritza askeko Tratatu berrietara oinperatzeko estrategiak topatzen ditugu. Horrez gain, gerrak eta gatazka anitzak bultzatzen ditu, eta honen ondorioz oker izendatutako errefuxiatuen krisia sortu du, migranteen heriotz zenbaezinak Mediterraneoan eta munduko muga desberdinetan sortuz, emakumeen kontrako indarkeria eta emakume eta umeen trafikoa areagotuz. Eta guzti honekin batera zaintza-lanen krisia ematen da, mundu mailako emakumeak egin ohi diren zaintza lanen kate globalak areagotuz, migrazioak bultzatuz eta gure herrietan sortzen diren lanpostu prekarioak eta batzuetan semi-esklabotzan bultzatuz. Halaber, mobilizazio sozialak kriminalizatzen dira. Hauek guztiak sistemaren diru-gosearen ondorio dira, kapitalaren metaketa bere ikur bilakatu baitu.

Milioka pertsona daude behartuta euren herriak, bizilekuak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, ekologiko edo gatazka belikoen ondorioz. Kalkulatzen da azken garaiotan 65 milioi pertsona desplazatu egon dela. Bigarren Mundu Gerrak eragin zituen kopuruetatik gertu gaude. Badakigu badaudela gerrak. Gerra hauen arrazoi eta erantzukizunak ezkutatu egiten zaizkigu, ez da interesatzen ezagut daitezen. Lotsak, delituak eta negozioak milaka heriotzaren kontura, bortxaketak eta askotariko indarkeriak argitara aterako lirateke eta ez da interesatzen. Informazioa manipulatuta heltzen zaigu, bloke ekonomikoen interesak oso handiak baitira. Batez ere, mundu mailako statu quoa mantendu behar da. Halaber, armagintza lobbiek (2014an, 10 armagintza enpresa nagusiek 30.000 milioi dolarretako irabaziak izan zituzten), lobby ekonomiko eta finantzarioek zehatz dezaten bizi egingo garen ala hil, eta nola egin behar dugun.

Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat topatu nahian. Europaren erantzuna, ordea, urrun dago elkartasunezkoa, eskuzabala izatetik. Segurtasunaren izenean, horma eta arantzadun hesiak jartzen dira, eta kontrol militar eta polizial zorrotzak. Europak bertan behera uzten ditu, heriotzaren atarian, gizon, emakume eta umeak. Milaka ume Europan zehar galdurik daude, trata eta esplotazioaren mehatxupean. Europak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek gurekin zerikusirik ez duten, eta lotsarazten gaituzten interes ekonomiko, finantzario eta belikoei erantzuten diete. Bestelako neurriak beharrezkoak ditugu, hala nola:

Produkzio eta kontsumo sistemaren eraldaketa. Produkzio eta kontsumo sistema gisa, Kapitalismoaren gehiegikeriak kalteak eragiten ditu ingurumenean, eta aldaketa klimatikoaren ondorioak azkartzen ditu. Honek zigor erantsi bat ekartzen du: etorkizunean, gero eta pertsona gehiagok migratu beharko dute bizirauteko, euren jatorriko eremuetatik kanpo.

Emakumeen eta adingabeen trataren kontrako neurriak indarrean sartzea. Pertsonen trata, bereziki emakume eta adingabeak pairatzen dutena, saretua dago eta interes ekonomiko hutsak bultzatuta areagotzen ari da. Egoera horren kontra borroka zuzena egin behar dugu, etekin ekonomikoak ateratzeko, trata bultzatu, babestu eta sustatu egiten dituzten taldeen kontra salaketa publikoa egin behar eta neurri eraginkorrak bermatu. Lan hau aurrera eramateko gizonezkoen inplikazio aktiboa ezinbestekoa da.

Migrazio politikei buelta ematea, gerren eta multinazional eta estatu inperialisten baliabideen kontrolaren isla direlako. Pertsona guztiek eskubidea dute euren lanaren emaitzarekin duintasunez bizitzeko euren herrialdean; eskubide hori inork ez lieke ukatu beharko, gaur egun gertatzen den bezala.

Arrazakeria eta xenofobiarekin amaitzea eta migranteak eta errefuxiatuak kriminalizatzen dituzten politikak desegitea. Pertsona migranteak ez dira mehatxu bat. Gure benetako etsaiak austeritate politikak dira, segurtasunaren eta beldurraren izenean bultzatzen dituzten politikak, interes inperialisten neurrira egindako politikak. Ez gaitezen tranpan erori. Herrien eta pertsonen arteko elkartasuna bultza dezagun.

Lan arloan neurri eta politika publiko eraginkorrak bultza ditzaten eskatzen diegu Nafarroako eta EAEko instituzioei. Esklabotza eta pobreziara eramaten gaitu bizitza eta lana prekarizatzen duen prozesuak. Erabateko erasoa pairatzen ari gara langileen bizi eta lan baldintzei dagokienez, eta, horretan, langile migranteak dira kaltetuenak: kontratu prekarioenak dituzte (kontratua badute), soldata baxuenak ere, eta eskubide sozial eta sindikalak ukatu egiten zaizkie. Ulertu behar dugu gure borroka guztiak borroka bakar bat direla.

Politika publiko eraginkorrak emakume migranteek pairatu ohi duten diskriminazioa eta kalteberetasunarekin amaitzeko. Emakume migranteak kaltetuenak dira. Lan prekarietatearen biktima nagusiak dira. Hauetako emakume asko eta asko diskriminazio eta kalteberetasun egoeran daude. Askok etxeko lanetan eta zaintza zerbitzuan lan egiten dute, eta arazoak dituzte lan baldintza, lan jardunaldi, soldata edo kontratuarekin.

Harrerarako sistema propioa. Harrerarako baldintza propioak izateko, euren gain erabateko eskumena hartzeko eskatzen diegu euskal administrazioei, gure errealitate produktibo eta sozialaren araberakoa, nazioarte mailako elkartasun eta kooperazio gisa.

Langile guztiak eskubide berdinak eduki behar ditugu edonon. Jendarte berri bat denon arten eraikiko dugu, benetan Euskal Herri berri anitza eta justua lortu nahi badugu. Hemen bizi garenok edonondik etorrita, paperekin edo paperik gabe, aukerak behar ditugu bizitzako esparru guztietan duintasunez aritzeko.

Inor ez da ilegala!

Bortizkeriarik gabeko mundu baten alde, bortizkeria matxistaren kontrako borroka erdigunean jarri behar dugu.

Eskubide guztiak munduko bizilagun guztiontzat!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.