2026-05-05
HomeIndustriaMetalgintzaKonponbide globalak aldarrikatu ditugu, Bergarako Arcelor Mittaleko enplegu suntsiketaren aurrean

Konponbide globalak aldarrikatu ditugu, Bergarako Arcelor Mittaleko enplegu suntsiketaren aurrean

Bergarako Arcelor Mittaleko lantokian 350 langile zeuden 2007an, eta 153 langile daude 2017an. Multinazionalak beste 41 lanpostu suntsitzea planteatzen du orain. Enpresaren asmoa aurrera ateraz gero, 10 urtetan Bergarako lanpostuen %68 desagertuko liratezke., hau da, 2007an zeuden 10 lanpostuko egun 3 bakarrik geldituko lirateke.

Egoera hau ez da soilik ematen Bergarako lantokian, Euskal Herriko Arcelor Mittalen lantoki guztietan baizik. LABek jakinarazi zuenez, 2007an Arcelorrek zituen 3.408 lanpostutatik, egun 1.755 lanpostu geratzen dira. Arcelor Mittalek azken 10 urtetan lanpostuen %51 desagerrarazi ditu.

Egoera hau, gainera, Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin ematen ari da. Oso larria da. Onartezina da! Noiz arte egongo da Tapia sailburua isilik? Arcelorrek jasotzen duen diru publikoa enplegu suntsiketa finantziatzeko erabiltzen du.

Bergarako kasuan, egoera are larriagoa da, enpresak egun egiten den tona kopuruari eutsi nahi baitio. Horrek esan nahi du, espedientea inondik inora justifikatuta ez egoteaz gain, multinazionalak kaleratutako langileak beste azpikontratatutako langileekin ordezkatu nahi dituela. Beraz, multinazionalak iragarritako plana iruzurra izateaz gain, enpleguaren prekarizazio gehiago ekarriko du.

LABek enplegu suntsiketari argi eta ozen esaten dio ezetz. LAB prest dago aurrejubilazioetaz hitz egiteko, horregatik exijitzen diogu multinazionalari errespeta dezala Bergaran indarrean dagoen enpresa hitzarmena eta errelebo kontratua aplika dezala. Txantai eta mehatxu gehiagorik ez! Multinazionalak langileekin hitzartutako konpromisoak betetzea exijitzen dugu.

Egun Bergarako langileak pairatzen ari diren txantaia, atzo Sestao eta Zumarragako langileek pairatu zuten, bihar Olaberria, Lesaka edota beste lantokietako langileak izango dira.

Arazo globalen aurrean, konponbide globalak. LABek Euskal Herriko lantokiak batzeko garaia dela uste du, honakoa defendatzeko:

1.- Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatuko duten inbertsioak ekarri behar ditugu.
2.- Enplegu berria sortu. Errelebo kontratu guztiak Euskal Herriko lantokietan egingo dira.
3.- Kalitatezko enplegua defendatu. Eskubide galera gehiagorik ez!, azpikontratazio gehiagorik ez!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

VW Navarran 2027rako kontratazio eta produkzio aurreikuspenen balorazioa

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu VW Navarrak Enpresa Batzordeari atzo 2027ko ekoizpen programa posiblea egiteko, goranzko malgutasun neurriak adosteko ustezko beharra jakinarazteko moduak. UGT...

Langabezia datuek ez dute enplegu prekarioaren hazkundea islatzen

Pasa den urteko apirilean baino 3.594 langabetu gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Azken hilabetearekiko ere jaitsi egin da langabezia (%3,07) eta 132.708 langabetu daude. Emakumeen artean azken hilabetean zein urtean langabeziak behera egin arren, langabetuen gehiengoa izaten jarraitzen dute, % 59a, hain zuzen ere.

10 egunean 6.500 sinadura bildu ditugu irakasleentzako murgiltze ikastaroak mantentzearen alde

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan elkarretaratzea egin dugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok, eta bildutako sinadurak Hezkuntza Sailari helarazi dizkiogu. Era berean, maiatzaren 14rako mobilizazioak iragarri ditugu ikastetxeetan. Bestalde, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde maiatzaren 9rako deitutako manifestazioan parte hartzeko deia ere egin diegu hezkuntzako langileei.