2026-09-18
HomeEkintza SozialaLangabeziak aspaldi utzi zion enplegu eta lan merkatuaren joera adierazle izateari

Langabeziak aspaldi utzi zion enplegu eta lan merkatuaren joera adierazle izateari

Langabeziak behera egin du, prekaritatea epidemia bilakatzen den bitartean. Hego Euskal Herrian, 137.767 langabe zenbatu ziren 2023ko azken hilabetean. Langabeziak beherakada are eta nabarmenagoa izan du pasa den urteko abenduarekin alderatuta (4.641 langabe gutxiago), pasa den hilabetearekin alderatuta baino (545 langabe gutxiago).

Emakumeen* artean jaitsi da langabezia gehien, azken urte zein hilabetean, nahiz eta langabeen gehiengoak (%57,4a) emakumea* izaten jarraitzen duen. Azkenaldian salatzen ari garen bezala, bizi unitateko egoera kaskarrak emakumea* lanaldi bikoitzera behartu du: etxeko zaintza lanen ardura nagusia mantenduz, prekaritatea zein ezegonkortasuna nagusi den lan merkatuan lan eginez. Esaten duguna baieztatzeko, bi datu: emakumeen* %25,7a jardunaldi partzialean ari da eta abenduko aldizkako kontratu finkoen %64,7a emakumeei* dagokio.

Azken hilabetean, industria eta eraikuntza sektoreetan enpleguak galdu dira, afiliazioan sektore hauek izaniko beherakadak argi erakusten duen bezala (industria sektorean 1.761 afiliatu gutxiago eta eraikuntzan 813 gutxiago). Sektore hauetan nagusiki gizonek lan egiten dutenez, 25 urtetik gorako gizonen langabeziak gora egitearen arrazoia datuotan aurkitzen dugu.

Azken urteko bilakaerari erreparatuz, zerbitzuen sektoreak izan du igoera nabarmena, afiliatu berrien %82,46 zerbitzuak sektoreak afiliatu baita. Afiliazio osoa kontutan hartuz, zerbitzuen sektorean afiliazioa %3,20 igo den bitartean, eraikuntzan zein industrian %1,8 besterik ez da igo azken urtean.

Bestetik, abenduan 6.663 kontratu gutxiago sinatu ziren, pasa den urteko abenduarekin alderatuta. Egin diren kontratu berrien %78,76 behin behinekoak izan dira, azaroan baino 2,7 puntu gehiago.

Beraz, langabeziak orokorrean behera egin badu ere, sortu den enplegua lan baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi diren zerbitzuak sektorean izan da. Zoritxarrez, herri baten garapen estrategikorako zutabe diren sektoreen gainbehera baten aurrean gaude, langile klasearen lan baldintzak kaskartzeaz gain, beste herrialdeekiko menpeko egiten gaituena.

Azken urteetan kateatzen ari diren krisiek egoera sozioekonomikoan zein lan munduan egiturazkoak diren arazoak sortzen ari dira, langile klasearen bizkar gainean zamatzen ari direnak. Zentzu horretan, langabeziak aspaldi utzi zuen enpleguaren eta lan merkatuaren joera adierazle izateari eta langile klasearen errealitatea islatzeko iturri berriak arakatu behar ditugu. Bide horretan, Prekaritate Indizea aztertzeari ekin genion, zeinaren arabera 25 eta 64 urte arteko bi langiletik bat egoera prekarioan bizi da, diru sarrera nahikorik gabe bizitza duina bermatzeko. LAB sindikatuko kideok egiturazkoa den errealitatea eraldatzeko borroka egiten dugu, langile guztiontzat duina eta bizigarria izango den Euskal Herri baten alde.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.

Osasun Departamentuaren aurrekontuaren igoera osasun arreta hobetzeko erabil dadila exijitzen dugu

Nafarroako Gobernuak osasun arloko aurrekontua % 10 handituko duela iragarri du, eta horrek agerian uzten du premia ekonomiko larria dagoela Osasunbideak eta, oro har, osasun sistema publikoak dituzten arazoak konpontzeko. Gero eta handiagoa den eskariari erantzutea, itxaron-zerrendak arintzea eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren egoera gero eta kezkagarriagoari aurre egitea, horiexek dira aurrekontuaren igoera hori justifikatuko luketen erronkak. Eta “justifikatuko luketen” diogu; izan ere, gure sindikatuan askotan kritikatu dugu aurrekontua erabili dela sistemari adabakiak jartzeko, behar diren neurriak ezartzera bideratu beharrean.

Lanbide Heziketako ratio eta bikoizketen kudeaketak nabarmen utzi du Gimeno

Hezkuntza departamentuak 2025ean sinatutako Hezkuntza Itunean zein foru dekretuetan ezarritako gehienezko ratioak urratzen ditu. Kasu batzuetan, egiten den jarduera dela eta, ikasleak eta irakasleak arriskuan ere jartzen ditu.