2026-10-02
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakJaurlaritzak murrizketen estrategiari heltzen jarraitzen dio

Jaurlaritzak murrizketen estrategiari heltzen jarraitzen dio

EAEko Mahai Orokorraren gaurko bilera dela eta, LABek eta ELAk elkarretaratze bat egin dugu Gasteizen, Lakuan. Bileran, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu benetako negoziazio bati ekiteko asmorik antzeman.

Gaur EAEko Mahai Orokorraren bilera egin dela eta, LABek honako irakurketa egiten du:

Batetik, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu benetako negoziazio bati ekiteko asmorik antzematen. Gaiak itxita eta proposamenak langileon beharretatik oso urrun. Abiapuntua balitz ere, ez du akordio integraletarako borondaterik erakutsi. Oraindik orain Mahai Orokorrak ere PP eta PNVren harremanen menpe jarraitzen du.

Langileok ez dugu erosahalmena berreskuratuko. Beste hainbat erakundetan ez bezala, Jaurlaritzak ez du berreskuratze planez ezer entzun nahi. Okerrago, ekonomia ondo doala adierazten ari denean langile publikook erosahalmena gehiago galduko dugu aurten ere %1,5eko proposamena KPItik behera geldituko delako.

Itzarrirako egiten duen proposamena eskasa izateaz gain, langileon soldatak gehiago berreskuratzeko aukera dagoela frogatzen du. LABek egokiago ikusten du halako ahaleginak zuzeneko soldatetara bideratzea, beti ere arestian aipatu bezala, erosahalmena erabat berreskuratzeko konpromiso zintzo batekin.

Enpleguaren proposamenaren zenbakia propaganda hutsa da LABen iritziz. Eusko Jaurlaritzak ez dio arazoari modu orokorrean eta integralean heldu nahi. Behin-behinekotasuna eta orokorrean prekarietatea betikotzeko estrategiarekin bat egiten jarraitzen du PNVk. Marko legal eta juridikoen aitzakiei modu interesatuan heltzen dio, izan ere kasu honetan Europatik datozen sententziei ez die jaramonik egin nahi.

LABek berriro eskatzen du: erosahalmena berreskuratzeko plana; beharrezkoak diren zerbitzu publikoak kalitatez emateko beharrezkoak diren lanpostuak bermatzeko plana, behin-behinekotasunarekin eta prekaritatearekin amaituz; eta orokorrean egindako murrizketak atzera botatzea, gaixotasun osagarriak kasu; lan gaixotasun eta gaixotasun arrunten jarraipena osasun zerbitzu publikoak zuzenean kudeatzea, mutualitateen merkantilismoarekin amaitzeko bidean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.