2024-05-06
HomeErrepresioaLiher Aretxabaletari elkartasuna adierazi diote Bilbon

Liher Aretxabaletari elkartasuna adierazi diote Bilbon

Bilboko Alde Zaharreko auzokideek Liher Aretxabaletaren kontrako epaiketa salatu dute gaur, ‘Liher auzoan eta libre’ dinamikaren baitan. Hain zuzen ere, ekainaren 28 eta 29an Madrileko Audientzia Nazionalean epaituko dute, eta agerraldian bildutakoek salatu dute epaiketak gatazkaren konponbidearen bidean beste kolpe bat dela.

Hauxe da agerraldian irakurri duten adierazpena:

Gaurkoan Alde Zaharreko auzokidea dugun Liher Aretxabaletaren kontrako epaiketaren salaketa zabaltzeko deitu zaituztegu.

Liher, Ekainaren 28 eta 29an Madrileko Audientzia Nazionalean epaitua izango da. Liher auzoan eta libre dinamikaren izenean epaiketa honek gatazkaren konponbidearen bidean beste kolpe bat suposatzen duela salatu nahi dugu. Euskal Herriak nahi eta desira duen bake eskenatoki bat lortzeko bidean beste traba bat da, bakea egonkortzeko bidean beste atzera pauso bat. Liherren kontrako epaiketa iraganean kokatutako mendeku politika bateri erantzuten dion espainiar estatuaren estrategia errepresiboaren baitan kokatzen dugu, Euskal Herrian bake eskenatokiak oztopatzeko helburua jarraitzen duena. Estatu espainolak garaile-garaitu eskeman kokatu nahi du gatazkaren konponbidea, bake eta normalizazio politikoaren helburuen aurrean antzinako gerra eskema gailenduz eta gatazkaren konponbidean aurrera pausoak emateko haien borondate eza azaleratuz.

Guk argi eta garbi diogu: hau ez da bidea.

Estatuen blokeo estrategiaren aurrean, gizarte zibilak bakeari eta konponbideari bidea irekitzeko arduraz jokatzea erabaki du. Horren adibide argia da esaterako ETAk konponbideari bideak zabaltzeko helburuz armagabetze prozesua bideratu izana, eta horrekin batera, berau babesten euskal jendarte zabalena egon izana. Hala ere, Estatuen jarrera ez da aldatu. Euskal jendarteak aurrera egiteko urratsak ematen dituen bitartean, estatuen salbuespen politikak bere horretan jarraitzen du, eta epaiketa hau horren adierazle garbia da.

Bakearen bidean kartzelak uztu beharrean, hauek betetzen jarraitzen du espainiar estatuak; etorkizuna eraikitzen lagundu beharrean, iraganean anklatu eta aurrera pausuak emateko oztopoak besterik ez ditu jartzen; baina guk, gurean jarraituko dugu.

Liher auzoan eta libre dinamikatik argi daukagu batasun politiko eta soziala beharrezkoa dela blokeo egoera hau gainditzeko eta kaleak aldarriz bete behar ditugula bake eskenatokiak defendatu eta estatuen jarrera errepresiboa salatzeko. Ez dugu bakearen eta konponbidearen aurkako erasorik onartuko, eta are gutxiago gure auzokide baten aurkako epaiketa bat!

Horregatik, lanean jarraituko dugu, kaleak aldarriz beteko ditugu, salatzen segiko dugu…eta nola ez, Liherri gure maitasun beroena helarazten jarraituko dugu.
Euskal jendarteak argi eta garbi adierazi du bakea eta askatasuna nahi duela. Bere kide, lagun eta auzokideok ez dugu konponbidearen kontrako eraso gehiagorik onartuko!

Liher zurekin gaude!!!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.