2026-07-10
HomeEkintza SozialaEspainiako lan erreformaren ondorioz, aldizkako enplegua duten emakume prekarioen kopurua handituz doa

Espainiako lan erreformaren ondorioz, aldizkako enplegua duten emakume prekarioen kopurua handituz doa

Izan ere, emakumeen artean, aldizkako kontratuen %65,3a eten da maiatzetik. Bestalde, bigarren hilabetez jarraian, langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, uztailean baino 2.490 langabe gehiago daude (%1,84 egin du gora langabeziak azken hilabetean). Pasa den urtean baino langabe gutxiago egon arren (%4,77a gutxiago, hain zuzen ere), 2022. urteko epealdi berean baino gehiago egin du gora langabeziak aurtengo abuztuan.

Langabeen %58,97a emakumea da. Langabeen gehiengoa emakumea izateaz gain, lan kontratuetan jasaten dugun prekaritatea nabarmendu behar da. Izan ere, emakumeen artean aldizkako finkoen kontratuen %65,13 eten da maiatzetik hona. Azken hilabeteetan gertatu dena, uda tarteko egonik, emakumeen lan baldintzen prekarietatearen adierazle gordina da. Izan ere, maiatzean 27.058 emakume zeuden aldizkako kontratu finkoarekin; bada, abuztuan 9.435 dira kontratu mota hau duten emakumeak. Gizonezkoen artean kontratu mota honen etetea askoz proportzio txikiagoan gertatu da, maiatzetik hona %29,23a eten delarik. Emakumeen aldizkako kontratu finkoen etetea azken hiru hilabeteetan nabarmen igo da, feminizatuak dauden hainbat sektoreetako langileen (ikastetxeetako garbiketa, jantokiak… ) lan baldintza ezegonkor zein prekarioen erakusle. Espainiako estatuko lan erreforma onartu zenetik, lan kontratu mota hau emakumeen artean nagusia izan da. Lanaldiari dagokionean, emakumeen %26,1a dago lanaldi partzialean eta gizonezkoen %18,1a. Lanaldi osoan gizonezkoak gehiengoa diren bitartean (gizonezkoen %70,3a dago lanaldi osoan, emakumezkoen %60,2a). Datuek hilabetez hilabete emakumeen egoera prekario estrukturala okertuz doala berresten digute, egoera honi lan kontratu “berri” bat esleituz.

Langabeziak zerbitzuak sektorean egin du gora gehien abuztuan, kontratazioak behera egitearekin batera. Uztailetik hona zerbitzuetako afiliazioak behera egin arren (20.474 afiliatu gutxiago), pasa den urtetik afiliazioak zerbitzuetan egin du gora gehien (20.055 afiliatu gehiago zerbitzuetan, 2.475 gehiago industrian eta 979 gehiago eraikuntzan). Egun, afiliazioaren %72a zerbitzu sektoreari dagokio, lan baldintza prekarioak nagusitzen diren sektorea.

Lan baldintzen prekarizazio egoera orokorrari, bizitzaren garestitzea gehitu behar zaio, egoera geopolitiko zein sozioekonomikoaren ondorioz bere horretan jarraituko duena edota fase berri batean sartuko dena.

Iraila hasi besterik ez bada egin ere, langileon lan baldintzak borrokaren, mobilizazioaren eta langileon arteko elkartasun zein antolakuntzaren bidez babestu beharko ditugu. Azaroaren 30ko greba orokor feminista, lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko abagune izango dugu, zaintza lanak erdigunean kokatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.

1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko borroka enpresa eta sektore hitzarmen guztietara eramango dugu

LABek ez du hitzarmenetan 1.500 eurotik beherako soldatarik onartuko, eta mobilizazioak eta grebak sustatuko ditugu helburu hori lortzeko. Gaur egun LABek gehiengoa duen hitzarmenetan ia ez dago 1.500 eurotik beherako soldatarik; aurrerantzean gehiengorik gabeko eremuetara ere eramango dugu borroka.

CIE Norma enpresako langileek enpresaren hazkundearekin bat datorren hitzarmena eskatu dute

Jarduerak erritmo altuari eusten dion bitartean eta eskaeren zorroak datozen urteetarako lan-karga bermatzen duen bitartean, hitzarmen kolektiboak eragindako gatazkak irekita jarraitzen du CIE Norma enpresan (Itziarren kokatua). Hilabeteetako negoziazioaren ondoren, langileen ordezkariek adierazi dute enpresak azken urteetan izandako hazkundeak emaitza horiek posible egiten dituztenen lan-baldintzak hobetzea ekarri behar duela berekin.