2026-09-23
HomeEkintza SindikalaBilboko Udalean pribatizazio bat gelditzea #LortuDugu

Bilboko Udalean pribatizazio bat gelditzea #LortuDugu

Esperantza Frontoia zegoen lekuan irekiko den udal-ekipamendu berriko zerbitzuak kanpoko enpresek emateko argitaratutako lizitazio iragarkiei errekurtsoa jarri ostean, asmoa geldiaraztea lortu du sindikatuak. Ekipamendu horrek Gaztegune, Mediateka eta Haurgune/Kidegunea izango ditu, bai eta atezaintza-zerbitzua ere, besteak beste.

Duela aste batzuk, Esperantza kaleko lokal horretan eskaini behar ziren zerbitzu publikoen balizko pribatizazioari buruzko zurrumurrua zabaltzen hasi zen. Eta zurrumurru hori errealitate bihurtu zen ekainaren 12an ekipamendu horren lizitazio-iragarkia argitaratu zenean.

Bilboko Udaleko LABeko atal sindikalak bere garaian Negoziazio Mahaian adierazi zuen ez zuela beste aldera begiratuko inolako pribatizazioren aurrean; izan ere, sindikatu honentzat lehentasunezkoa da udal-zerbitzu publikoak defendatzea eta zerbitzu-publiko horiek udal-langileen bidez kudeatzea.

Hori horrela, Bilboko Udaleko LABeko atal sindikalak, sindikatuko zerbitzu juridikoekin batera, La Esperanzako udal-ekipamendua kudeatzeko eta dinamizatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientearen aurkako errekurtsoa aurkeztu dugu, eta dagokion arloko zinegotziari eta Giza Baliabideen zuzendariari jakinarazi diegu.

Udalak jakinarazi zigun pribatizazio hori bertan behera uztea aginduko zutela, berrikusi ahal izateko. Bere hitzetan, “beste kudeaketa-eredu bat posible izan zitekeela” uste dute.

Gaur egun, pribatizazio hori gelditzea lortu dugula iragarri dezakegu. Argi dugu eta ez dugu etsiko: udaleko zerbitzu publiko guztiak udal-langileek kudeatu behar dituzte. Oinarrizko erreklamazioa da, eta borondate politikoa baino ez du eskatzen.

Zerbitzu publikoen defentsan jarraituko dugu. Zerbitzu publikoak defendatu!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elkarlan zintzorako deia egin dugu Nafarroan lan mundua euskalduntzeko urratsak eman daitezen

LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da. Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea...

SEULA enpresak kudeatzen duen kale garbiketa zerbitzuan sei greba egun deitu ditugu Aguraingo jaien bete-betean

Langileak urtarriletik dabiltza itun berri bat negoziatzeko saiakeran. Hilabete hauetan, enpresak negoziatzeko borondate eskasa erakutsi du, erantzunak atzeratuz eta bileretara benetako erabakitzeko ahalmena zuten pertsonak bidali gabe. Egoera horren aurrean, maiatzean Lan Harremanen Kontseilura jo behar izan genuen negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioak hasi ditugu Osakidetzan, lan eskubideak eta proposamen zehatzak eskatzeko

Gehiengo sindikalak ohartarazi du gaur egindako elkarretaratzeak mobilizazioen eta greben dinamikaren hasiera direla, eta Euskal Osasun Zerbitzuari eskatu dio negoziazioa atzeratzeari uzteko eta benetako konponbideak mahai gainean jartzeko.