2024-05-05
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaBabes sozialerako euskal sistema duin bat aldarrikatuko dugu apirilaren 1ean, Bilbon

Babes sozialerako euskal sistema duin bat aldarrikatuko dugu apirilaren 1ean, Bilbon

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun sindikatu eta eragileok agerraldia egin dugu gaur Bilbon, apirilaren 1erako deitutako manifestazioaren berri emateko. Hain zuzen ere, mobilizazioa Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 17:30ean, "Eskubide sozialen defentsan, murrizketarik ez" leloarekin.

Hauxe da gaurko agerraldian kaleratutako adierazpena: 

Bermatutako gutxieneko diru-sarrerak izatea borroka sozialaren, jendartearen mobilizazioaren fruitu da. Baina azken urteetako mozketa oldeak gizarte-prestazioei ere eragin die. Herritarren eskubideak murriztu dira, batik bat egungo krisi ekonomikoak gehien zigortu dituen kolektiboenak: langabeak, enplegu prekarioa dutenak, dependentzia egoeran daudenak eta gutxieneko pentsioak jasotzen dituztenak. Emakumeen eskubideei bereziki eraso diete. Hona hemen datu batzuk:

• Prestazio sozialak jaso ahal izateko eskakizunak zorroztu egin dituzte; adibidez, DBE eskatu ahal izateko erroldatuta urtebete egon ordez orain hiru urte eskatzen dira.

• Prestazioen zenbatekoa %7 moztu dute (eta hau 2017an ere mantendu nahi dute).

• Lanbidek irizpide murriztaileak aplikatu ditu, eta sarri behartsuenen eskubideak urratu ditu.

Politika antisozial hauekin batera areagotu egin diraprestazio sozialak jasotzen dituen jendea kriminalizatzeko kanpainak. Eskubide beharko lukeena ustezko delitu gisa aurkezten da. Aski dela esateko eta gertatzen ari dena salatzeko unea da.

Murrizte politikak zuritzeko argudio faltsuak baliatzen dituzte: esaterako, “ezin dugu DBE gehitu lan merkaturatzeko joera geldiaraziko lukeelako”. Lanbideren datuen arabera, DBE jasotzen duten bizikidetza-unitateen %20ak -12.522- enplegu prekarioa dute, eta laguntzarekin osatzen dute beren soldata kaskarra; prestazioen %25 -15.799 bizikidetza- unitate- pobrezia mailako pentsioak osatzeko dira; beste %20, berriz, langabezia-subsidio urriak osatzeko dira, egungo prekaritate egoeraren ondorioz.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak 2017ko aurrekontu-proiektua aurkeztu du. Bertan islatzen da bere borondatea: murrizketei eutsiko die eta prestazio sozialei ez die aplikatuko Gutxieneko Soldataren igoera. Horren ordez, DBEaren igoera %1,5era mugatzeko asmoa du.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ehundik gora organizazio ezberdinek osatzen dute (sindikatuak, mugimendu feministakoak, gazte-mugimendukoak, ekologistak,
pentsiodunen elkarteak, jendarte-bazterketaren aurkako plataformak, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarekoak…), eta hau da bere aldarria:

1.-Babes sozialeko euskal sistema integrala, duin eta kalitatezkoa nahi du, zeinaren helburua bizitza sostengatzeko gauza izango den jendarte-eredu bat den.

2.-Salatu egiten du Eusko Jaurlaritza ezartzen ari den politika antisozialek biztanleria oro har pobretu egiten dutela. Aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da. Areagotzen ari dira langabezia, prekaritatea, pobrezia eta ezberdintasun ekonomiko eta sozialak, ez baita egiten egoerari aurre egiteko politika publikorik, hots, ez dira pertsonen beharrizanak lehenesten.

3.-Diru-Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 2008ko Legeak berariaz aipatzen du DBE eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) arteko lotura. LGSak erosahalmena galdu duenean Eusko Jaurlaritzak ez du esan DBEa gehitu behar zenik; aitzitik, egoera dirua aurrezteko baliatu du.

4.-Kontutan izanik aurten LGS %8 igo dela, portzentaje hau era automatikoan aplikatu beharko litzaieke DBEari eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei ere.

5.-2008ko legea ez aplikatzeak batik bat kolektibo ahulenenen eskubideei eraso egiten die: soldata eta pentsio kaskarrak dituen jendea, etxegabetzeen kaltedunak, pobrezian bizi direnak, etab. Horrela taxutzen den ereduaren iparra ez da bizitza, eta zaintzeko lanak emakumeen esku uzten dira. DBE jasotzen duten bizikidetza-unitateen artean gehiengoa emakumeak dira, besteak beste guraso bakarreko milaka familia.

Aurrekontu proiektu hau dela eta, dei egiten diegu alderdi politikoei Legebiltzarrean honako aldaketak sar ditzaten:

• DBEri eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei aplika diezaietela LGSak izan duen %8 igoera bera. • Indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria.

Halaber, dei egiten diegu herritarrei Bilbon datorren apirilaren 1ean izango den manfiestazioan parte har dezaten; agerraldia arratsaldeko 5.30ean hasiko da Jesusen Bihotzeko plazatik. Hauek izango dira gure aldarriak:

BABES SOZIALEKO EUSKAL SISTEMA INTEGRALA, DUIN ETA KALITATEZKOAREN ALDE

2008KO LEGEA BETETZEAREN ALDE %8KO IGOERA ETA MURRIZKETAK BERTAN BEHERA UZTEA, ORAIN HEMEN

LAN ETA BIZI, HEMEN ERABAKI
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.