2026-08-02
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakLegebiltzarrean ere salatu dugu Mahai Orokorraren ez-negoziazioaren egoera

Legebiltzarrean ere salatu dugu Mahai Orokorraren ez-negoziazioaren egoera

EH Bilduk eskatuta, aurreko ostiralean EAEko administrazioetako sindikatu nagusiok parte hartu genuen Gasteizko parlamentuko gobernantza batzordean, Mahai Orokorraren negoziazioaren egoera azal genezan. Aukera probestu, eta parlamentariei ere lehen eskutik azaldu genien zein den benetako egoera: Jaurlaritzaren aldetik murrizketei eutsi eta negoziaziorik ez, edukirik ez, konfiantzarik ez, borondaterik ez.

Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, Jaurlaritzak egindakoa baloratu genuen:

-Ez du arazoak konpontzeko eta zerbitzu publikoak garatzeko borondaterik.

-Ez du negoziatzeko borondaterik ere, sindikatuok planteatzen dugun enpleguaren gaiari ez dio heldu nahi. LAB prest dago behar ditugun zerbitzuak aztertzeko, eta plan bat egin ondoren guztiok konpromisoak hartzeko.

-Edukirik eta egutegirik gabeko negoziazioa da. Bakarrik murrizketak arintzera baina mantentzera mugatu nahi du bilera dinamika hutsalak.

-LAB ez da fidatzen akordioak alde bakarrez urratu eta betetzen ez dituen solaskide batekin. Negoziazio bat abiatzeko konfiantza ezinbestekoa da, eta Jaurlaritzak atzera bota beharko lituzke egindako murrizketak eta pribatizazio prozesuak.

-Beste erakunde askotan (udalak, aldundiak, Nafar Gobernua…) murrizketak atzera botatzeko eta negoziaziorako borondatea badago, gobernuetan kolore guztietako alderdiak egonik. Jaurlaritzak ez du borondate politikorik zerbitzu publikoen eta bere langileen egoerari buelta emateko.

Agerraldia Jaurlaritzak aurkeztu berri dituen aurrekontuen proiektuaren testuinguruan eman da, une erabakigarrian beraz. Sailburuordeak bileran esandakoaren berri eman genien parlamentariei, hau da «murrizketak ez ditu Jaurlaritzak egiten, parlamentuek baizik». Batetik, Jaurlaritzak ardura gainetik kendu nahi du, aurrekontu proiektua berak prestatzen baitu, murrizketa proposamen guztiekin. Bestetik egia da, parlamentariek erantzukizun handia dute Euskal Herriko sektore publikoa garatzeko bidean: edo horren aldeko apustua egiten dute, edo pribatizaziora eta prekaritatera goaz, neoliberalismo gordinean.

Legebiltzarrean egindako ekimena garrantzitsua izanik, ezin dugu zerbitzu publikoen eta langileon etorkizuna soilik agerraldi eta bilera instituzionalen esku utzi eta mobilizatzen jarraitu behar dugu. Adi beraz hurrengo deialdiei!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.