2026-11-18
HomeEkintza SozialaArrazakeria instituzionalaren aurrean, herritarren erantzuna

Arrazakeria instituzionalaren aurrean, herritarren erantzuna

Gaur jakitera eman da Espainiako Poliziaren Buruzagitzak konpentsazio-jaiegunak eskaini dizkiela Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako agenteei, uztailaren 1etik aurrera pertsona migratzaileak atxilotzearen truke.

Geroago, salaketa baten ondorioz, agindu hori baliogabetu zen arren eta sinatu zuen ikuskatzailea espedientatu zuten arren, LABek uste du gertatutakoa salagarria eta oso larria dela.

Euskal Herriko hainbat lurralde eta auzotan, hainbat gizarte-taldek salatzen dituzte polizia-kidegoen praktika arrazistak, sistematikoki oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak, hala nola arraza-profil etnikoagatiko kontrolak eta pertsona arrazializatuen kolektibo jakin batzuek bereziki jasaten dituzten gehiegikeriak.

Gaur ezagutzera eman den albistea Irun eta Hendaia arteko mugan egunero bizi dugun indarkeriaren errealitatearen beste adibide bat da. Adierazpen instituzional hutsak soberan daude, eta benetako borondate politikoa falta da praktika horiek amaitzeko; izan ere, ez dira banakako kasuak, botere publikoek emandako zigorgabetasunean babesten direnak baizik.

LAB sindikatuak irmoki gaitzesten du erakunde publikoek arrazakeria estrukturala sustatu eta saritzea. Izan ere, erakunde horiexek dira eredu izan beharko luketenak oinarrizko eskubideen babesari eta bermeari dagokionez. Era berean, berriz ere eskatzen dugu muga berriro irekitzea eta behingoz amaitzea profil etniko edo politikoagatiko zein arrazagatiko kontrolak nahiz berehalako kaleratzeak. Azkenik, Espainiako poliziak behingoz gure lurraldea uzteko eskatzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan eremuan indarkeria matxistaren aurkako konpromiso berriak orain!

Testuinguru ezegonkorra bizi dugu azaroaren 25 honetan, eta, hain zuzen horregatik, indarkeria matxistaren aurkako borrokak lehentasun izaten jarraitu behar du, baita lan eremuan ere. Faxismoaren eta eskuin erreakzionarioaren hedapenak arrisku handiak dakartza emakumeontzat*, eta, borrokaren bidez lortutako eskubideetako bakoitza jokoan dagoen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da aurrera urratsak eman behar ditugula aldarrikatzea.

Salatzen dugu Correoseko bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela kontrataziorik egin ez delako

Posta bidezko botoa onartzeko azken eguna bihar izango da, eta LABen atal sindikalak salatu du bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela, hauteskunde-kanpainak eragindako jarduera-igoeraren eta kontratazio faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du, beste behin ere, enpresaren aurreikuspen eta plangintza falta.

Salatzen dugu FVEMek Bizkaiko metalgintzako negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela eta langileek eros-ahalmena gal dezaten dela bere asmoa

Patronalak eskasegia den soldata-proposamenari eusten dio eta malgutasun handiagoa eskatzen du, sektoreko 57.000 langile baino gehiagoren aldarrikapenei muzin eginez.