2026-10-01
HomeZerbitzu PribatuakArrantza‘Beti Euskal Herria’ itsasontzian XXI. mendeko esklabismoa salatu dugu

‘Beti Euskal Herria’ itsasontzian XXI. mendeko esklabismoa salatu dugu

Bermeoko baxurako arrantzako itsasontzia, momentuz behintzat, portuan amarratuta geratuko da. Albiste txarra Bermeoko portuarentzat, Euskal Herriko arrantzarentzat eta, bereziki, bertako arrantzaleentzat. Aurrez inolako informaziorik eman gabe kaleratu dituzte beharginak, baldintza tamalgarrietan lan eginarazten zituztenak.

Maiatzaren 8an jaso zuten arrantzaleek albistea, portuan itsasoratzeko prest zeudenean armadoreak ez zirela irtengo esan zietenean, ezelako arrazoirik eta azalpen garbirik eman gabe. Arrantzaleek, zer gertatzen ari zen ulertu ezin eta zein egoeratan geratuko ziren argi ez zutenez, kofradiara jo zuten informazio bila; bertan jakinarazi zieten enpresak langile guztiak bajan emanda zeuzkala gizarte segurantzan.

Ez aurreabisurik, ez kontratu bukaera edo kaleratze gutunik, ez finikito, ez kalteordainik, ezta kaleratuak izan zirenaren inguruko azalpenik ere ez zuten jaso.

Guzti hau gutxi balitz, langileen egoera orain arte ez da hobea izan. Gizarte segurantzan altan egotearen zortea erdiek baino ez zuten; izan ere, zortzi arrantzaletik lau kontratu gabe zeuden lanean. Hau beste edozein enpresatan oso larria bada, itsasoan lan egiten dutenentzat are eta larriagoa da, ezinbestekoak diren segurtasun, salbamendu, lehen laguntza edo sorospen kurtsoak jaso gabe daudelako.

Azken gertaera hauek, zoritxarrez, ez dira kasu isolatuak. Beti Euskal Herria arrantzontziko arduradunek egin dutena arrantza sektorearen bilakaeraren isla da; sektorearekiko instituzioek duten utzikeriak eta armadoreen interes pribatuek langileriaren zapalkuntza eta arazoak areagotzea dakar:

– Urtero eta gutxika urritzen doan flotaren arazoa, eta kasu askotan, itsasontziekin batera, arrantzarako kuotak eta lizentziak betiko joaten direla Euskal Herritik. Bitartean, instituzioek ez dituzte arrantzaren etorkizuna bermatzeko plan eta neurri zehatzak hartzen.

– Legearen gainetik daudela uste duten eskrupulurik gabeko enpresariak.

  • Eskubideak garatu, borrokatu zein defendatzeagatik lana galtzeko beldurra duten langileez aprobetxatzen direnak.
  • Paperik gabe, inolako eskubide aitorturik gabe eta bizitza aurrera ateratzeko edozein lan baldintza onartzeko beharrizana daukaten migratzaileez aprobetxatzen direnak.

Zoritxarrez horrelakoak ikusten ditugu oraindik gaur Euskal Herrian. XXI. mendeko esplotazioaren aurpegi bilakatzen ari da arrantza sektorea gurean.

Langileon eskubideak errespetatzeko, lan baldintza hobeak lortzeko eta injustizia guzti hauekin bukatzeko, antolatu eta borrokatu beharra daukagu, inork ez digulako ezer oparituko.

Beti Euskal Herria arrantzontziko arazoak patronalaren eta instituzioen arrazakeriari erantzuten dio, eta bereziki Euskal Herriko arrantza-sektoreari eragiten dio; izan ere, langile asko migratu eta arrazializatuak dira, Espainiako atzerritarrei buruzko legeak baldintzatuta daudenak, eta horrek ezkutuko ekonomian egotera behartzen ditu, oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkielarik.

Horregatik, LAB sindikatutik exijitzen dugu langile hauen eskubideak urratuak direnean administrazioek ere beren gain har ditzatela dituzten erantzukizun politikoak eta beraien lanaren baldintzen jarraipen eraginkorra egin dezatela, erregularizatzeko mekanismo posibleak bermatuz lan eta bizi baldintza duinak eduki ditzaten. XXI. mendeko arrantza esklabismoarekin amaitzeko ordua da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.