2026-10-16
HomeEkintza SindikalaHamar langiletatik zortzik lan baldintza prekarioak dituzte Zerbitzuen sektorean

Hamar langiletatik zortzik lan baldintza prekarioak dituzte Zerbitzuen sektorean

Prekarietatearen aurkako borroka lehentasun bat da LABentzat. Ildo honetan, sindikatuak prekarietatearen aurkako elkarguneak antolatuko ditu datozen asteetan, Hego Euskal Herriko zenbait herritan, kapitalismoak ekarritako gaitzaren aurrean alternatibak daudela proposatzeko. Urrutira joan gabe, Gasteizen egokituko dugu lehen elkargunea ostiralean, eta 16:30etik aurrera hainbat jarduera egingo ditugu Andra Mari Zuriaren plazan. Prekarietatea oso errotuta dago Euskal Herrian, eta, herritarrek bertatik bertara pairatzen duten gai bat dela kontutan hartuta, LABek inkesta bat egin zuen iaz Zerbitzuen sektoreko 3.369 langileren artean. Une egokia da galdeketa horren emaitzak gogoratzeko, Ostiral Duinak izeneko dinamika Gasteizera iristear dagoenean.

“Zure lan baldintzak prekarioak direla esango zenuke?”, “Zertan nabaritzen duzu gehien prekarietatea?”, “1.200 euroko gutxieneko soldata eta asteko 35 orduak legez ezartzeak zure prekarizazio egoera arinduko luke”. Hauek dira iazko inkestan egindako galderetako batzuk. Bada, emaitza orokorrak ez du zalantzarako tarterik uzten: zerbitzuetko sektorean langileen %80k baldintza kaskarretan lan egiten duela onartu zuen. Galdetutako pertsonen %90, berriz, ondorengo neurriak ezartzearen alde agertu ziren prekarietatetik ateratzeko: gutxieneko soldata garbian 1.200 euro izatea; 35 orduko asteko lanaldia; sektoreko hitzarmenak berezkoak izatea eta erreformatik babestuak egotea; lanaldi partzialeko kontratazioak egin ahal izateko gutxieneko orduak ezartzea; enpleguaren egonkortasuna bermatzeko neurriak ahalbidetzea; eta Lan Ikuskaritzak lantokietan ematen diren benetako lan baldintzak eraginkortasunez kontrolatzea.

Prekarietatea soldatan nabaritzen duela gehien adierazi zuen gehiengoak (%34). Behin-behinekotasuna, ordutegiak, lanaldi partziala, lanaldia bera eta malgutasuna ere kokatu zituzten prekarietate egoeraren iturburu gisa.

Bestalde, zerbitzuen sektorean ez ezik, sektore publikoan ere inkesta egin genuen iaz, “Ba al dago prekarietaterik zerbitzu publikoetan?” galdera oinarri. 1.538 langilek erantzun zuten kasu honetan. Bada, inguruan lan baldintza prekarioak dauden ala ez galderari, inkesta egileen %86k baietz erantzun zuen. Beste emaitza esanguratsu bat, zalantzarik gabe.

Honela gauzak, alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, Ostiral Duinek ekarriko dituzten elkarguneetra hurbiltzeko gonbitea luzatu nahi du LABek herritarren artean, denon eskubideen alde eragiteko. Gasteizen dugu aukera horretarako, ostiral honetan bertan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...

Siemens Gamesaren estatu mailako akordio markoaren aurka egingo dugu, eta Euskal Herriko negoziazio esparruak defendatuko ditugu

Salatu dugu Siemens Gamesak Espainiako Estatu mailako akordio marko bat ezarri nahi duela, Euskal Herriko negoziazio esparru propioak desagerrarazteko arriskua sortuz. Mungia eta Asteasuko...

Azken asteetan EAEko hainbat eskualdetan eskola garraioan izan diren murrizketak salatzen ditugu

2026-2027 ikasturte hasieran eskola garraioaren murrizketen inguruan hainbat eskola komunitatek egindako salaketa publikoek eta abiatutako mobilizazioek agerian utzi dute egiturazko arazoa. Oianguren ikastetxeko komunitateak...