2026-08-02
HomeEkintza SozialaEtxebizitza eskubidea bermatzea eskatuko du LABek Iruñean mahai-inguru eta elkarretaratze banarekin

Etxebizitza eskubidea bermatzea eskatuko du LABek Iruñean mahai-inguru eta elkarretaratze banarekin

Etxebizitzaren merkantilizazioa espekulazioaren bidez aberastasuna metatzeko erabiltzen ari diren honetan, LAB sindikatuak etxebizitza duina eta kalitatezkoaeskuratzeko aukera unibertsala bermatzea eskatzen du, hori egitea nahitaezkoa baita langileen oinarrizko bizi-baldintzak duintzeko. Aldarrikapen horrekin lotuta, LAB sindikatuaren Abiatu komunitateak mahai-ingurua antolatu du apirilaren 19rako eta elkarretaratzea apirilaren 27rako, biak ala biak Iruñean.

Kapitalak, aberastasunaren metaketari eusteko, langileon bizitzako eremu guztiak prekarizatzen ditu, bizi-baldintza duinak izatea gero eta zailagoa bihurtuz eta pobretzea zabalduz. Langileon aurkako prekarizazioa ez da lantokietan soilik ematen eta, horregatik, LAB sindikatua bizi-baldintza duinen aldeko borrokan aurrera urratsak egiteko tresna berriak sortzen dabil: esaterako: ABIATU, ekintza sozialeko komunitatea.

Egun, etxebizitzarena langileon pobretzerako eta prekarizaziorako eremu nagusi bat da, eta horregatik etxebizitza duin eta eskuragarriaren aldeko borroka dugu lehentasuna. Kalitatezko etxebizitza izatea eskubidea izan beharko litzatekeen arren, egun, pribilegio bihurtu da.

Nafarroako herritarren erdia baino gehiago dira alokairuan edota hipoteken bidez oraindik ere etxebizitza gastuei haien diru sarreren zati handiegia bideratu behar diotenak. Egun, Nafarroan diru-sarrera baxuagoak dituzten etxebizitza unitateek euren gastuen %43 etxebizitzara bideratzen dituzte. Gainera, azken urteetan alokairuak garestitu dira, azken urtean tipo-aldakorreko hipotekak 300 eurotik gora garestitu dira, eta aldiz langileok borroka asko egin behar izaten ari gara soldaten eros-ahalmena ez galtzeko eta soldata duinak lortzeko.

Iruñean etxebizitzarekin dagoen arazoa begi-bistakoa da. Azkenengo urteetan etxebizitza publikoak ez dira promozionatu, eta egungo soldatekin merkatu pribatuko alokairuak ez dira eskuragarriak langile gehiengoarentzat. Hortaz, langabeentzat, gazteriarentzat eta oro har langileentzat, etxebizitza eskuratzea luxuzkoa den zerbait bihurtu da oinarrizko eskubidea izan behar zenean. Urrutira joan gabe, 2023ko otsailean, Iruñean, etxebizitzaren alokairuaren batez besteko prezioa 1.031 euroan zegoen.

Etxebizitza desmerkantilizatzeko politikak behar ditugu. Alokairu sozialaren eskaintzak egun dagoena baino askoz altuagoa beharko luke izan. Madriletik iragarri berri diguten aldaketa legislatiboak nekez konponduko du arazoa alokairu sozialari lehentasunez eutsi ezean.

Beharrezkoa da etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzea, lehentasunez etxebizitzaren prezioa mugatzea eta jaistea, etxe-kaleratzeen aurkako babesa, espekulazioaren eta funts putreen aurkako neurriak, eta etxebizitza parke publikoaren handitzea. Madrilen eztabaidagai dago Etxebizitza Legea, printzipioz, Nafarroako legea garatu eta urrats berriak egiteko balio beharko zukeena.

Honengatik guztiarengatik, datozen egunetan eginen ditugun bi ekimenen berri eman nahi dizuegu:

Apirilaren 19an, asteazkena, 19:00etan, Iruñeko Geltokin antolatu dugun mahai-inguruan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Mahai-inguru honetan etxebizitza problematikaren ertz ezberdinak aztertuko ditugu –tartean estatuko etxebizitza legeaz ere arituko gara–, orokorrean eta Iruñerriari erreparatuta.

Hizlariak: Núria Comerma (Sindicat de Llogaters i Llogateres), Joxe Abaurrea (Iruñeko hirigintzako zinegotzi ohia), Harituko kide bat eta Malickgueye Ladiane (langile senegaldarra).

Apirilaren 27an, osteguna, 19:00etan, Iruñeko Udaletxe Plazan “Zuen aberastasuna, gure miseria. Etxebizitza duina guztientzat” lelopean elkarretaratzea eginen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.