2026-09-11
HomeIndustriaFederazioaPropaganda gutxiago eta industria politika gehiago eskatu ditugu

Propaganda gutxiago eta industria politika gehiago eskatu ditugu


Gaur, azaroak 16, Kursaalen burutzen ari ziren "Basque Industry 4.0." Jardunaldien harira elkarretaratzea egin dugu Instituzioen aldetik inolako industria politikarik ez dagoela salatuz. Alderantziz, instituzioek subentzio politikak aplikatzen dituzte, hau da baldintzarik gabe enpresariei dirua oparitzea. Hor ditugu Arcelor Zumarraga, Cegasa edo Incoesako adibideak, propaganda bai baina industria politikarik ez da egon kasu guzti hauetan.

Gaurko mobilizazioan erakutsi ditugun argazkien bidez Eusko Jaurlaritzaren industria politika eza agerian utzi nahi izan dugu. Asko izan dira itxitako enpresak, eskualde askotan egoera larria utzi dutenak. Baina bada gehiago ere, traktoreak izan beharko liratekeen lantokiak babesteari uko egin zaio, eta ez da inolako mugarik ezartzen bertako enpresen erabakiguneen deslokalizazioaren kontra. Kapital publikoarekin sortutako enpresetan ere, gaur egun horrelako salmenta prozesuak etengabeak dira.

LABen iritziz jardueren dibertsifikazioa eta balio erantsi gehiagoko jardueren aldeko apustua beharrezkoa da, Euskal Herriko sare industrialaren aldeko apustua egiteko. Horretan sektore publikoak utzia duen motore lana egin beharko luke. Baina eredu hori uztar ezina da lehiatzeko kostuak murrizteko estrategiarekin, prekarietatea bultzatzeko estrategiarekin.

Behin eta berriz entzun dugu Instituzio zein patronalaren aldetik Alemaniara begira daudela, han asmatu zutelako 4.0 kontzeptua, baina guk Espainiako eredua kopiatzen ari direla ikusten dugu: Ikerkuntza eta garapenean EAEn inbertitutakoa ELGEren zenbatekotatik urrun gaude, argitaratu berri den 2016ko COTEC txostenaren arabera. Izan ere eskuragarri dauden azken datuetan (2014koak) Barne Produktu Gordinaren %2,02a inbertitu zen Ikerkuntza eta Garapenean EAEn, %2,87a ELGEn. Gainera, inbertsio horretatik administrazio publikoak finantziatzen duen zatia soilik kopuru horren %25,2a da (%40a ELGEn). EAEn administrazio publikoak ikerkuntza eta garapenari eskeintzen dion finantziazio eskasak argi uzten du sektore publikoak uko egina diola etorkizuneko industriaren garapenean motore papera izateari.

Industria aurreratua saldu arren, prekarietate aurreratua bultzatzen dutela ikusten dugu. Formatutako gazteak kanpora joatera behartzen ari dira, erbesteratze ekonomikora kondenatuz. Negoziazio kolektiborik gabeko industria bultzatzen dute, lan erreformak gidatutako industria, Espainiako hitzarmenak aplikatzen dituen industria. Eta horrek ez dauka inolako etorkizunik. Horregatik gaur ozen esan dugu egiten ari direna "Industria 4.0 ez, industria 0" dela.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT-k bost greba egun deitu ditugu Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko

Deialdia egin dugun sindikatuok Osasun Sailari ohartarazi diogu ez dugula simulaziorik onartuko. Bilerak hilero deitzeak ez du esan nahi benetako negoziazioa dagoenik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu ditugu. Uztailaren bukaeran SMErekin sinatutako akordioak agerian uzten du lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela.

Mikel Torresek uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz hitz egiteko

EAEko lehendakariorde ere baden Lan sailburuak apirilean LABi eta ELAri mehatxu egin zigun ez genuelako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen; bada, hilabete gutxiren ondoren uko egin dio langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari.