2026-06-25
HomeEkintza SindikalaIndarkeria matxistaren aurrean jarduteko lehen protokoloa adostu dugu Arabako metalgintzako hitzarmeneko berdintasun...

Indarkeria matxistaren aurrean jarduteko lehen protokoloa adostu dugu Arabako metalgintzako hitzarmeneko berdintasun batzordean

LAB, CCOO eta UGT sindikatuok (Arabako metalaren azken hitzarmenaren sinatzaileok) Arabako siderometalurgiaren sektorean sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka jarduteko protokoloa adostu dugu SEA patronalarekin.

Arabako metaleko hitzarmena sinatu arteko bidea ez zen batere erraza izan. Sektore horretako langileen kolektiboa modu masiboan atera zen kalera, modu irmoan. Langileek argi zuten beraien lan eta bizi baldintzak aldatuko zituen hitzarmenaren alde borrokan zebiltzala. Horretarako, ezinbestez, hitzarmenak ikuspegi feminista jaso behar zuen, pertsonen bizitza erdigunean jartzeko, eta ez kapitala.

Borrokaren ondorioz enpresetan egindako presioak emaitza izan zuen, eta hitzarmen horretan inork uste ez zituen aurrerapenak lortu genituen negoziazioari ekin genionean. Aurrerapen horiek arlo feministan ere gertatu ziren, eta berdintasun-batzorde bat sortu zen. Batzorde horrek, besteak beste, Arabako siderometalurgiaren sektorean sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako
jazarpenaren aurka jarduteko protokolo bat egitea zuen eginkizun.

2022ko abenduaren 23an Arabako metalgintzaren hitzarmena argitaratu zen Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean. Bada, hiru hilabete geroago, bi aldeen arteko akordio batera heldu gara.

Adostu dugun protokoloak lantokietan gertatzen den indarkeria matxistari aurre egiteko eta amaitzeko lan-tresna izan nahi du. Errealitate hori ezkutuan geratzen da, eta kaleratua izateko mehatxua beti dago horren atzean; horregatik, indarkeria matxista ez da behar bezala salatzen, ezta behar bezala adierazten ere enpresetan, eta are gehiago gehienbat gizonen enpresak badira.

Horregatik, bermeak eta neurriak egon behar dira salaketa jarri ahal izateko, emakumeen hitzak eta salaketak kolokan egon ez daitezen.

Protokolo hori nahitaez aplikatu beharko da Arabako metaleko enpresa guztietan, baldin eta berezko protokolorik ez badute. Hori oso urrats garrantzitsua da sektoreko enpresa txikienetako emakumeentzat, egoera horien aurrean babesgabeenak baitira. Protokoloak argi eta garbi jasotzen ditu sexu-jazarpentzat eta sexuan oinarritutako jazarpentzat hartu beharreko jokabideak, egoera horiek saihesteko prebentzio-neurriak ezartzen ditu, eta sexu-jazarpenagatiko edo sexuan oinarritutako jazarpenagatiko salaketa bat gertatzen denean jarduteko prozedura ezartzen du eta alderdi sozialari aitortzen zaio prozesu osoan parte hartzeko aukera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABen pozik hartu dugu Etxebizitza Legearen onarpena, baina neurri sakonagoak eskatzen ditugu

Nafarroako Parlamentuak Etxebizitza Legearen aldaketa onartu du gaur. LABen ustez, lorpen hau sindikatuak eta maizterrek egindako borroka sindikalaren ondorioa da. Legea onartzeak esan nahi du alokairura bideratutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak ezin izango direla merkatu pribatuan saldu. Hala ere, LABek uste du legea berandu iritsi dela Testa funts putreak kaltetutakoentzat eta neurri sakonagoak eskatu ditu.

Laneko bajak ez direla absentismoa gogorarazi dugu, eta patronalak beharginekin haragi txikitua egiten duela salatu

Elkarretaratzea egin dugu Bilbon, haragia txikitzeko makina bat irudikatuta, etekin ekonomiko pribatuen mesedetan langileak muturrera eramatea beste helbururik ez duen diskurtsoa salatzeko.

ELIS MANOMATICek bere langileen osasuna arriskuan jarri zuen eta mehatxuekin erantzun zien 42 ÂșC-rainoko tenperaturetatik babestu zirenei

LAB sindikatutik publikoki salatzen dugu atzo arratsaldean Gallartako ELISen instalazioetan bizi izandako egoera larria. Garbitegiko langileek 3 ordu eta 15 minutuko geldialdia egin behar...