2026-09-09
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaGorabidek oso positibotzat jo ditu egindako 7 greba egunak, eta gehiago iragarri...

Gorabidek oso positibotzat jo ditu egindako 7 greba egunak, eta gehiago iragarri ditu, enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarrizketarik ahalbidetzen ez dutelako

Gorabideko lantokien arteko Enpresa Batzordea LABeko 15 ordezkarik, ELAko 5 ordezkarik eta ESKko 3 ordezkarik osatzen dute, eta 7 greba egun egin dituzte guztira orain arte. Azkenak, aste honetan, astelehenetik gaur arte.

Bada, egun horien ostean, hau da egin duten balorazioa: “Oso balorazio positiboa egiten dugu grebaren eraginari buruz, beste behin ere gehiengoa izan baita. Egin ditugun mobilizazioek ere erakusten dute Gorabideko langileak prest daudela gure eskubideen alde borrokatzeko”.

Aniztasun funtzionalaren sektoreko langile horien aldarrikapen nagusiak jarraian zerrendatuta datoz:

  • Erosteko ahalmena ziurtatuko duen soldata igoera, gutxienez KPIaren igoera aplikatuta.
  • %40ko behin-behinekotasuna murriztuko duten neurriak hartu.
  • Baldintza ezegonkorren aurrean kalitatezko lanaldia.
  • Kontziliazio neurriak langileentzat.

Enpresako Batzordeak Bizkaiko Foru Aldundia egiten du egoeraren erantzule, ematen duten zerbitzu publikoaren arduraduna baita: “Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak erosteko ahalmenaren galera berreskuratzea bere gain hartuko duen akordio bat bermatzeko konpromisoa hartzen duen mezu bat helarazi digun bitartean, Gorabideko gerentea den Txema Francok adierazi digu Aldundiak ez diela egin dutena baino eskaintza gehiago bermatzen. Norbait gezurretan ari da”.

Sergio Murillori ofizialki eskatu diote hiruko bilera bat, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak, enpresako zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak parte hartuko duten bilera bat. Bada, ez dute erantzunik jaso. Sergio Murillo zuzenean interpelatzen jarraituko dugula iragarri dute beharginek, “akordiora iristeko negoziatzeko borondaterik ezaren azken arduradun gisa”.

Egoera horren aurrean, enpresa-batzordeak Gorabideko Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren seriotasun falta salatu du beste behin, eta langileekin batzarra egingo duela iragarri du, mobilizazio gehiago iragartzeko eta apirilean eta maiatzean grebak areagotzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosentzat enplegua eta bi lantegietako jarduera bermatuko dituen industria-proiektu baten aldeko eskakizunari eusten diogu LABen

Uztailean egindako azken bileraren ondoren, gaur berriro bildu gara Amurrioko eta Trapagarango lantegietako enpresa-batzordeak Tubos Reunidosen Konkurtso Administrazioarekin, enpresaren egoeraren eta inbertitzaile berriak bilatzeko prozesuaren jarraipena egiteko.

Azalpenak eskatuko ditugu Lanbideren Administrazio Kontseiluan, baliabide publikoak erabiltzerakoan ustez gertatu diren irregulartasun larriak argitzeko

Gaur jakitera eman den informazioaren arabera, PSErekin lotutako sare klientelar batek 56 milioi eurotik gorako diru-sarrerak jaso ditu azken hamabost urteetan, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen eta administrazio publikoen kontratuen bidez, eta kopuru horren zatirik handiena Lanbidetik eratorria da. Gardentasuna, kontrola eta interes publikoaren defentsa eskatzen dugu LABetik.

LABek eta ELAk EAEko udaletan greba deitu dugu datorren urriaren 8an

Udalhitzeko mahaian eta udaletako negoziazioetan aurrerapausorik ez dagoenez, LABek eta ELAk hasita dugun greba dinamikarekin jarraituko dugu.