2026-09-09
HomeEkintza SindikalaLAB eta Esku-hartze Sozialeko langileak berriz ere mobilizatuko dira, hitzarmena bizi-bizirik dagoela...

LAB eta Esku-hartze Sozialeko langileak berriz ere mobilizatuko dira, hitzarmena bizi-bizirik dagoela eta ezin dela ukitu aldarrikatzeko

Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa iragan urteko irailean egitekoa zen, baina bertan behera gelditu zenez, badirudi azkenean apirilaren 18an eginen dutela. Hori baino lehen, LAB sindikatua eta sektoreko langileak mobilizatuko dira hitzarmena bizi-bizirik dagoela eta ezin dela ukitu aldarrikatzeko. Larunbat eguerdian manifestazioa egonen da Iruñean eta epaiketa egunean lanuzteak eginen dituzte.

LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenaren alde deus ez egiteaz landara, duela zenbait hilabete hitzarmena judizialki salatzeko bide ankerra hartu zuten.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki ulertezin horren protagonistak. Bada, enpresa erabaki lotsagarri horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko.

Ildo horretan, LABek deituta, larunbatean manifestazioa eginen dute Esku-hartze Sozialeko langileek, 12:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta. Eta epaiketaren egunean, apirilaren 18an, lanuzteak eginen dituzte, eta lau orduko elkarretaratzea Justizia Jauregiaren parean, 11:00etatik 15:00etara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal langileei dei egiten diegu Ernaik igandean Donostian egingo duen manifestazio nazionalean parte har dezaten

Oldarraldi faxista eta erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena Euskal Herrian agenda sozial eta nazional eraldatzaile bat garatzea dela uste du sindikatuak, eta horren aldeko konpromisoa berretsi du, baita bide horretan Ernairekin elkarlanean jarraitzekoa ere.

Tubos Reunidosentzat enplegua eta bi lantegietako jarduera bermatuko dituen industria-proiektu baten aldeko eskakizunari eusten diogu LABen

Uztailean egindako azken bileraren ondoren, gaur berriro bildu gara Amurrioko eta Trapagarango lantegietako enpresa-batzordeak Tubos Reunidosen Konkurtso Administrazioarekin, enpresaren egoeraren eta inbertitzaile berriak bilatzeko prozesuaren jarraipena egiteko.

Azalpenak eskatuko ditugu Lanbideren Administrazio Kontseiluan, baliabide publikoak erabiltzerakoan ustez gertatu diren irregulartasun larriak argitzeko

Gaur jakitera eman den informazioaren arabera, PSErekin lotutako sare klientelar batek 56 milioi eurotik gorako diru-sarrerak jaso ditu azken hamabost urteetan, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen eta administrazio publikoen kontratuen bidez, eta kopuru horren zatirik handiena Lanbidetik eratorria da. Gardentasuna, kontrola eta interes publikoaren defentsa eskatzen dugu LABetik.