2024-05-04
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaPobrezia eta prekarietatearen aurrean Euskal Herriak bere bidea egin behar du

Pobrezia eta prekarietatearen aurrean Euskal Herriak bere bidea egin behar du


Gaur, urriak 17, Pobrezia Erauzteko Nazioarteko egunean, hainbat eragile sozial eta sindikal bildu gara Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean ezartzen ari diren politika antisozialek jendartearen gehiengoaren pobretze orokortua sortaratzen dutela salatzeko. Egoera hau aldatzeko babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina aldarrikatzen dugu.

Kolektibo sozial eta sindikalen manifestua

Behean sinatzen dugun erakunde sindikal eta sozialak Pobrezia eta Prekarietatearen gorakadaren aurrean mobilizatzen ari gara. Horrela, astelehen honetan, “Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Egunean” (urriaren 17an) kontzentrazioa egingo dugu Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean.

Ekimen honen bidez salatzen dugu ezartzen ari diren politika antisozialek jendartearen gehiengoaren pobretze orokortua sortaratzen dutela, beste alde batetik, gutxiengo bat aberastea dakartelarik. Egoera hau larritu egingo litzateke merkataritza askeko itunen ezarpenarekin, hala nola, Europar Batasuna eta Estatu Batuak isilpean negoziatzen ari diren TTIP edo TISA; edo Kanadarekin negoziatzen ari diren CETA. Hauekin, merkatuek are gehiago txikituko dute pertsona eta herrien bizitza, aurrekaririk izango ez duen zerbitzu publikoen pribatizazioa olatuari atea zabalduz.

Prekarietatea, pobrezia, zaurgarritasuna, ziurgabetasuna, eskubideen murrizketa, aldi baterakotasuna, behartutako migrazioak… esplotazioan oinarritutako sistema ekonomiko baten eta gero eta handiagoak diren ezberdintasun sozialak dituen sistema sozialaren oinarrizko osagaiak dira. Esplotazioa eta desberdintasunok emakumeengan dute eragina, bereziki.

%14koa da Hego Euskal Herriko langabezia tasa, Europa Batasuneko batazbestekoa baino 5 puntu gehiagokoa. Langabezian daudenen ia %60ak ez du langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen. Gero eta gehiago dira prestaziorik jasotzen ez duten langabetuak. Administrazioak prestazio sozialak murriztuz joan dira, euren zenbatekoan edo prestazioaren iraupenean, zenbait kolektibo inolako babesik gabe utziz. Pobrezia maila azken 25 urteetako altuena da. Horren adibide dira egunero ematen diren desjabetzeak, euren artean instituzioak eurek egiten dituztenak. Emakumeek gogorrago jasaten dute pobretze dinamika hau. Ezin dugu ahaztu krisiak Euskal Herriko pobrezia eta jendarte bazterkeria larritu besterik ez duela egiten eta bere esistentzia bera, desberdintasuna, esplotazioa eta aberastasun sozialen bereganatze pribatuaz elikatzen den sistema sozial eta ekonomikoaren isla dela.

Aurretik aipatutako guztiarengatik, beharrezko ikusten dugu gure herri eta auzoetan dauden Pobrezia eta Prekarietate errealitateen aurka kalera ateratzea. Babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina eskatuz, errealitate hauei aurre egingo diena. Horregatik honakoa eskatzen dugu:

  • Gutxieneko soldataren igoera nabarmena, enplegua eta pobrezia gauza berdina izatea ekidingo duena.
  • Zenbateko duina izango duen prestazioa enplegu faltak irauten duen bitartean.
  • DSBE eta Inklusio Sozialeko Errentaren (Oinarrizko Errenta) zenbatekoa egungo Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren gainetik. Eta kide batetik gorako unitate konbibentzialei ezarri beharreko eskalak handitzea. Diru sarreren bermerako sistema ezarri, egungoa ordezkatuko duena eta eskubide soziala izango dena. Bermatua egon behar da bizitza duinerako eskubidea. DSBE eta Inklusio Sozialeko Errentak bermatzea baliabide ekonomikoen falta dagoen artean. Larrialdi sozialerako errentak jasotzeko eskubide subjektiboa ezartzea, benetan dauden beharrizanak bete behar dituztenak.
  • Murrizketen ondorioz kanpo gelditu diren kolektibo guztiei prestazio sozialak aitortzea, eta DSBEren zenbatekoa duela 5 urteko %7aren jaitsieran atzera egitea.
  • Prestazio sozialak kudeatzerakoan ezartzen ari diren irizpide murriztaileak ezabatzea.
  • Aurrekontua handitzea zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatezkoak (osasungintza, hezkuntza, enplegua, jendarte-arreta) edukitzea ahalbidetuko duten bitarteko humano, material eta teknikoak izateko.
  • Pertsona guztien hezkuntza, osasuna eta osasun-arretarako eskubidea bermatzea. Desjabetzeak gelditzea eta etxebizitza duin eta egokia bermatzea. Baliabide ekonomikoen faltagatik, inor elektrizitatea, gasa, ura eta elikadurarik gabe geldituko ez dela bermatzea.
  • Euskal Herrian pertsona guztiek bizitza duin, autonomo eta kalitatezkoaz gozatu ahal izatek, baliabide eta bitarteko nahikoa izango dutela bermatzeko gai izango den babes sozialeko sistema izatea ahalbidetuko duten tresna propioak izateko konpromiso instituzionala.

Helburuok, Hego Euskal Herriko instituzioek ezartzen dituzten aurrekontu eta fiskalitate politiketan emango den errotiko aldaketa baten parte izan behar dira.

Guzti horrengatik mobilizatuko gara Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan “Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Egunean”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.