2026-10-03
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaBasauriko Udalean ere, enpleguaren alde eta lan baldintza duinen defentsan

Basauriko Udalean ere, enpleguaren alde eta lan baldintza duinen defentsan

Lan eta zerbitzuen azpikontratazioa Euskal Herriko instituzioak gobernatu dituzten alderdien erabakia izan da; bereziki EAJ-PNV, PSE eta UPNrena. Langileontzat ondorio larriak ekarri dituen erabaki politikoa izan da. Erabaki honen ondorioz lan baldintzek txarrera egin dute. Gainera, krisiaren ondorioz, enplegua suntsitu eta lanpostuak galdu dira azpikontratazioetan.

LABek argi dauka herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak langile publikoek eskaini behar dituztela. Gure helburua horixe izan arren, jakitun gara asko direla azpikontratatzen diren zerbitzuak eta, beraz, azpikontratazioa burutzeko bideak arautu eta prekarietatea ezabatu behar dugu.

Gauzak horrela, administrazio publikoaren kontratazio irizpideetan klausula sozialak sartzearen aldeko apustu garbia egin nahi dugu. Klausula sozial hauen bidez, kalitateko enplegua sortu nahi dugu, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu, hizkuntza eskubideak bermatu, ingurugiroa babesteko irizpideak sartu eta oinarrizko eskubide sozialak babestu nahi ditugu. Hau guztia derrigorrez betebeharreko arau batek jasotzea nahi dugu.

2016ko lehen hilabeteetan, gai hau lantzeko batzordea eratu zuen Basauriko Udalak. Sindikatuek batzorde honetan parte hartzeko eskaria egin zuten. Eskaria egin bai, baina ukatu egin zitzaien bertan parte hartzeko eskubidea. Udaletxean ordezkaritza duten alderdiek baino ez dute parte hartzen aipatu batzordean.

Klausula sozialen oinarrizko helburua azpikontratatutako enpresen gehiegikeriak eta neurrigabekeriak saihestea da. Gobernu taldeak aurkeztu duen zirriborroa ikusteko aukera izan dugu, eta zoritxarrez, mahai gainean dagoen proposamena aipatu helburu horiek betetzetik oso urrun dagoela esan beharra daukagu.

Honengatik guztiagatik, LABek, erregistroan sarrera emanez, gure klausula sozialen proposamena helarazi zion batzordeari. Udaletxeko azpikontraten langileen lan baldintzak hobetzeko asmotan beharrezkoak ziren proposamenak aurkeztu genituen, baina ez dugu inolako erantzunik jaso.

Gure proposamenak legezkoak dira eta berauek ezartzea alderdi politikoen esku dago. Badirudi Basauriko gobernu taldeak ez duela honetarako borondaterik. Azpikontratatutako langileen lan baldintzak hobetzeko asmoa hutsaren hurrengo bihurtu da. Lan munduari eta Segurtasunari dagozkion klausula mamitsu eta garrantzitsuenak alboratu dira klausula sozialen benetako izaera.

Hori dela eta, kontzentrazioa egin dugu gaur Basauriko Udaletxearen aurrean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...