2026-06-19
HomeIndustriaMetalgintzaACB errentagarria zen eta da

ACB errentagarria zen eta da

Denbora badoa eta Sestaoko altzairutegiak itxita dirau. Enpresak esaten zigun haren plana maiatzaren 31 baino lehen onartu behar zela, larrialdi atzeraezina zegoelako bezeroei eskariak emateko. Hara ba, larrialdiak larrialdi, uztailak 28 dituen honetan altzairutegiak itxirik dirau.

Enpresak proposatu zuen plan bera CCOOk eta UGTk bere egin bazuten ere, baldintza hori betetzea ez da nahikoa izan lantegia zabal dezaten. Diotenez, horrez gain, beharrezkoa gertatuko da ere erakundeen laguntza ekonomikoa. Iadanik ez dute aipatzen Txinaren dumpinga eta argindarraren tarifa. Igarotzen den egun bakoitzeko, gero eta agerikoa egiten zaigu gezur handi batez ari garela. Hori adierazteko honakoan oinarritzen gara:

1.- ACB ZENBAKI POSITIBOETAN DAGO.
Gaur egun, oinarrizko altzairu bobinaren prezioa Europako merkatuan 430 bat €/tonakoa da. Oinarrizko altzairu bobina ekoizteko prezioa ACBn, 2016ko urtarrilean, 387 €/egunekoa zen. Hortaz, + 40 €/tonako marjina positiboa dugu.

Honez gain, esan, gaur egun, ACBk dituen eskarien erdiak (%50a) balio erantsi handiko altzairu bereziak ekoizteko direla, eta haren prezioak merkatuan 900 €/tona gainditzen duela. Mota horretako bobina bakoitzak 200 € baino gehiagoko marjina positiboa du.

Horrela, eskariak baditugu eta gure kostaprezioa merkatuan dagoen salmenta prezioaren azpitik badago, zergatik jarraitzen du geldirik? Ez dago inolako justifikaziorik geldirik jarraitzeko.

Are gehiago, berresten dugu enpresak nahita eusten diola egoera honi.

2.- ENPRESAREN PLANA EZ DA INOLAKO PLANA.
Enpresak agertu duen planak berresten gaitu lehen esandakoan: ACB errentagarria zen eta da. Egitasmo hau astakeria hutsa izateaz gain, lan eskubideei dagokienez, industria ikuspegitik, ez du ez hanka ez bururik. Ez dute proposatzen inbertsiorik, ez eta ekoizpen prozesuan aldaketarik, ez ezer. Altzairutegia itxi aurretik ekoizten ziren 55.000 tona baino, 12.000 tona ekoiztera mugatzen ziren soilik, non %12a bakarrik (1.500 tona) balio handiko altzairuak ziren. Enpresaren iritziz, lehen ez bagina errentagarriak, nola demontre izango gara plan honekin? Zein datutan oinarritzen da enpresa? Ez dago seriotasunik!

Beraz, Sestaoko altzairutegia lehenbailehen abiaraz dadila eskatzen dugu. Utz diezaiotela gezurrak esateari! Bazter ditzatela xantaiak! Erreala izango den etorkizuneko egitasmoa behar dugu. Enpresa batzordeak landu zuen eta erakundeen babesa jaso zuen industria planak mahai gainean dirau. Arcelor Mittalek ez badu altzairutegi honen alde egin nahi, lehiakorra ez dela ulertzen duelako, argi eta garbi esan dezala eta, bidenabar, azaldu dezala zergatik orduan ez duen salgai jarri nahi, lekua utziz egun nahi duenari.

Azkenean altzairutegi hau itxiko balitz, erakundeak, eta batik bat Eusko Jaurlaritza, egoera honen erantzunkideak izango dira ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.