2026-10-02
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaEAJ eta PSOE, zaintzaren krisiaren arduradunak Bilboko Udalean

EAJ eta PSOE, zaintzaren krisiaren arduradunak Bilboko Udalean


Bilboko Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek agerraldia egin zuten pasa den astean Udaleko Iradokizun eta Erreklamazioen Batzordean. Bertan, mozioa aurkeztu zuten hirugarren adineko egoitzetarako hitzarmen duina eskatuz, zerbitzua ematen duten langileen %50aren babesa zuena. EAJ eta PSEko udal taldeek Batzordean blokeatu zuten mozioa, hortaz, ez da gaurko Bilboko Udalaren plenoan eztabaidatu. Plenoarekin batera, kalean defendatu dituzte langileek euren aldarrikapenak.

Langileek sinadurak jasoz agertu eta abalatu den mozio proposamena honakoa da:

Udala Bilbon etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen den prestazioaren titularra da. Udalak zerbitzuaren prestazioa azpikontratatzen du, merkataritza lehiaketen bidez. Honen prestazio zuzena merkataritza-enpresentzat lan egiten dugun etxez etxeko laguntzaileok bete ohi dugu.
2009. urteaz geroztik, udalak xedatu dituen ordu kopurua etengabe gutxitu da, zerbitzu orduen %30a baino gutxiago izanik. Horrek egoera kaltegarriak ekarri ditu berarekin, laguntza zein lan arloan.

Alor sozio-asistentzialari dagokionez:

• honen ondorioz gero eta talde handiago bati murriztu zaio babes maila; era berean, zerbitzu orduak gero eta urriagoak dira eta zerbitzuaren kalitatea kaskartu da. Horrela, lanorduak urritzeaz gain, lan egindako ordu bakoitzeko gero eta betekizun gehiago egiten dira.

Lan arloari dagokienez, hamarkada luze askotan funtsezko zerbitzu hau bete izan dugunok, ia denok emakumeak, enpleguaren eta lan eskubideen galera jasan izan dugu urtez urte.

• Hamaika behin behineko langile egotzi dituzte multzoka, gehienetan lege iruzurrean gainera. Behin-behineko kontratazioa da enpresek gehien maite duten kontratatze-politika. Xede horretan, malgutasunari egokitutako baliabide batez doitzen dira, nahieran lanaldi partzialean diharduten langileak kontratatzen dituzte, nahiz eta batzuetan benetako arrazoirik ez izan eta lege iruzurrean egin. Ezarri beharreko hitzarmen kolektiboan agindu gutxiengoak ere ez dituzte betetzen. Gaur egun, enpresak ukatu egiten dira lege iruzurrean lotutako kontratu mota hauek arautzera nahiz langileen legezko ordezkaritzarekin, aipatu behargin horiei bermatzen dien lan poltsak adostera ere.

• Ez dira bermatzen kontratuaren arabera bete behar ditugun orduak ere, gure baldintzak aldatzen dituzte, Hitzarmen Kolektibotik deslotuz, soldata eta kotizazioa galduz. Langileen portzentaje handi batek lanaldi partzialean dihardu.

• Azken hiru urteotan, gure lan baldintzak kaskartzeaz gain, eros ahalmenaren ia %3a galdu dugu, 2013 eta 2015 urteetako soldata izoztearen ondorioz. Horren salbuespena 2014a izan zen, hilero 8 € eguneratu ziren lanaldi osoan.

• Enpresek langileei eta Langileen Legezko Ordezkaritzari egozten diete kontingentzia arruntek eta profesionalek eragindako absentismo maila handia. Hala ere, ez diegu gogorik nabaritzen haien eginkizunak betetzeko, ez eta langileei bermatzeko prebentzio neurri egokiak kalterik jasan ez dezaten lan egite hutsagatik.

Enpresa hauetan lan egiten duten gehienak emakumeak dira, hamaika urtez lan egindakoak gainera. Horrek kalte egiten dio hauen osasunari. Gaitzen artean, gihar eta hezurduretako ondoezak, jatorrian, askotan, lana nahita uzteko, eskubideak galduz, eta erretiro aurreratua eskatzearen arrazoiak dira.
Nolatan jazo daiteke egoera hau, gero eta jende gehiagok honen premia dutenean jasaten duten menpekotasun mailei aurre egiteko? Nolatan saltzen dira zerbitzu honen erabiltzaileak, gizarte-zerbitzu publiko batez ari garenean, merkatal-enpresa hauen oinpean?

Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua murrizten ari da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren txosten baten arabera: Bizkaian menpekotasun graduren bat adierazten duten pertsonen %46ak ez du ezelango kanpo zerbitzurik jasotzen.

Bien bitartean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua hondatzen ari da, eta harekin batera gure lan baldintzak. Bizkaiko Aldundiak, urtero, familia ingurua zaintzeko partida hedagarri handiagoa bideratzen du. Prestazio ekonomiko horrek ohiz kanpoko izaera du, Menpekotasun Legearen arabera.

Udalak eta Aldundia honen arduradunak izan arren, zerbitzu honen titularrak direlako, kanpoko enpresetara esleituz enpresa pribatuen esku uzten dute, zeintzuk zerbitzuaren kalitatea eta eskaintzen diren baldintzak baino, irabaziak lehenesten dituzten. Enpresek merkaturatzen dute zerbitzua.

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak nahiz beste zerbitzu batzuk, horren beharrezkoa den enplegua sortzeko aukera eskaintzen dute. Horrek erakusten digu sektore publikoak ekonomiaren pizgarri izan behar duela. Horrez gain, bermatzen digu horren premia dutenei kalitateko zerbitzua eskainiko zaizkiela, eta horretarako, pertsonak behar besteko estalduraz hornituko direla.

Honengatik guztiarengatik, Udalbatzak bere gain hartzen ditu honako AKORDIOAK:

• Berma dadila ezarri beharreko hitzarmen kolektiboa beteko dela pleguetan.

• Langile laguntzaile eta teknikari oro subrogatuko dela eta kontratuetan aitortzen zaizkion orduak bermatuko direla.

• Zerbitzua lehengoratzeko prozesuari ekingo zaiola, udalek beraiek kudea dezaten eta gizarte-kaudimen urriko enpresa talde baten esku utzi izanak eragin duen egungo zerbitzuaren merkaturatzea zuzendu dadin. Horrela, zerbitzuaren kalitatea eta laguntzaileen lan baldintzak hobetuko dira.

• Aldi batez bermatuko dira laguntzaileen kontratuetan adierazten diren zerbitzu ordu guztiak. Zerbitzuan ematen diren orduen intentsitatea handituko da eta erabiltzaile kopurua areagotuko da, gaur egun ez bezala, zerbitzuaren intentsitatea orduko handitzen baita.

• Sektorearen Negoziazio Kolektiboan bitartekaritza lanak egingo dira, lan baldintzetan funtsezko hobekuntzak eman daitezen.

• Behin-behineko kontratazioa arautuko da, behar den bakoitzean, Langileen Legezko Ordezkaritzarekin adostutako lan poltsen bidez. Horrela, enpresen aldebakartasuna kontratatzean gaindituko da eta behin behineko langileen egonkortasuna handituko da.

• Langileen osasunari kalterik eragingo ez dion zerbitzua bermatuko da. Enpresek, egokiak gerta daitezkeen prebentzio neurriak bideratuko ditu helburu horretan.

• Zerbitzua gauzatzeko ezarri diren estandarrak bete daitezen, kontrol publikoa bermatuko da, bitarteko zorrotzen bidez.

• Zerbitzuaren prestazioa ebaluatuko da aldiro, alderdi guztien partaidetzaz eta horri egokitutako baliabideez.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.