2024-05-06
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaEz dugu Bizkaiko Foru Aldundiako Gizarte Ekintza Sailean zerbitzu publikoaren pribatizaziorik onartuko

Ez dugu Bizkaiko Foru Aldundiako Gizarte Ekintza Sailean zerbitzu publikoaren pribatizaziorik onartuko

LABek salatzen du EAJk zuzentzen duen Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila zerbitzu publikoa kanpoko enpresen esku uzten ari dela. Gero eta gehiago pribatizatzen ari da, bai hirugarren sektoreko egoitzen arloko politikari dagokionez, baita barruko administrazio-kudeaketari dagokionez ere.

2015eko hauteskundeek Aldundiko gobernuan eragindako aldaketaren ondorioz, eta bizkaitarrek zerbitzu hauek gero eta gehiago erabiltzeak sortutako testuinguruaren ondorioz, administrazio-kudeaketan ezin dira eginkizunak bete, gainezka daudelako, eta zerbitzu publikoa kanpoko enpresen esku uzteko joera areagotu egin da. Aldundiak eta Lantik eta Zugaztel enpresa publikoek emandako zerbitzu publikoa enpresa pribatuen eskuetan uzten ari dira: Médicos de Bizkaia, SDEC, Intra eta beste batzuk.

Joera horren adibide nabarmena da Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzua. Mendetasunaren Ebaluaziorako eta Orientaziorako Atala eta Desgaitasuna Ebaluatzeko Atala daude haren barruan. Azken hirurtekoan, nabarmen gehitu da zerbitzu horrek izapidetutako espedienteen kopurua (mendetasunaren inguruko eskaerak, plaza sozio-sanitarioak, kasu urgenteak…), eta egoera horrek gainkarga bat ekarri die administrariei, teknikariei eta medikuei.

Kudeaketa zuzeneko lanpostuak finkatu eta sortu beharko lirateke, deialdi publikoa eginez, eta, bitartean, dauden lan-poltsak erabilita. Baina, horren ordez, EAJren bidea da zerbitzua kanpoko enpresen esku uztea eta pribatizatzea, Médicos de Bizkaia SL enpresaren esku, hain zuzen. Bizkaiko Medikuen Elkargoaren mendeko enpresa bat da, mendetasunaren eta desgaitasunaren ebaluazioak egiteaz eta haien jarraipena egiteaz arduratzen dena. Gero eta indar handiagoa du sektorean eta, Zerbitzuarekin duen lehentasunezko kontratuari esker, gero eta instalazio, langile eta baliabide gehiago ditu. Prestatutako profesionalekin eratutako lan-poltsa bat du eta Zerbitzu honetan enplegu publiko gehiago sortzeko edozein aukera ahultzen ari da. Profesionalak aukeratzeko modua eta haien gaineko kontrola kontrol publikoaren eremutik kanpo dago.

Aldi berean, Zugaztel SA eta Lantik SA foru-enpresa publikoek gero eta aurrekontu handiagoa dute orain arte Foru Administrazioak berak, baliabide ekonomiko eta material gutxiagorekin, egindako lanak egiteko.

– Zugaztel S.A.: Foru-enpresa publiko hau eskaerak grabatzeaz eta eskaneatzeaz arduratzen da, baita telefono bidezko zerbitzua emateaz ere., eta beste enpresa batzuk azpikontratatzen ditu horretarako: SDEC (Servicio Especial de Codificación) edo Indra Sistemas S.A., besteak beste. Batek daki zer baldintzatan, konfidentzialtasun handiko datuak grabatzeko: osasun-datuak, datu pertsonalak…! Non dago isilpeko informazio berezi horren gaineko kontrol publikoa?

-Lantik S.A.: Enpresa publiko hau Gizarte Ekintza Saileko eta Aldundiko beste sailetako aplikazio informatikoak garatzeaz eta mantentzeaz arduratzen da, eta iaz aurrekontu ikaragarria izan zuen: 6 milioi euro.

Hala ere, gure ekipo informatikoak mantentzeko lanak, egitura-lanak direnez, bertako langileek egin beharko lituzkete ere, Lantikek azpikontratatutako enpresa pribatuetako langileek egiten dituzte, baldintza ezegonkorretan: soldata eta lan-baldintza txarragoak, ez dago subrogaziorik…

Azterketa soziologikoen arabera, Bizkaiko gizartea zahartzen ari da, eta gero eta gehiago beharko du sektore publiko indartsu bat. Behar besteko giza baliabideak eta baliabide materialak dituen sektore publiko bat, areagotzen ari diren deserrotze, babesgabetasun, esklusio eta bazterkeria egoerei aurre egin ahal izateko

LABek uste du akats larria dela zerbitzu publikoei goian aipatutako bitartekoak ez ematea eta zerbitzu horien etorkizuna xede bakartzat etekin propioak lortzea duten enpresen eskuetan uztea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.