2024-05-04
HomeEkintza SozialaHerrien eta Pertsonen Europa Soziala eraiki behar dugu

Herrien eta Pertsonen Europa Soziala eraiki behar dugu


Xenofobia non nahi topa dezakegu, hitz politen atzean izkutatuta ere egon liteke. Botere ekonomiko zein politikoak habilak dira horretan, ongi gordetzen dira humanitatea, integrazioa, nazioarteko lankidetza edo kontrolik gabeko migrazioaren aurreko jendartearen babesa bezalako ideien atzean. Baina errealitatean gerra politiko inperialistak eta eskubide eta prestazioen murrizketak bultzatzen dituzte.

Gaur egun milaka pertsona daude behartuta euren herriak, bizilekuak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, natural edo gatazka belikoen ondorioz. Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat eskatuz. Europaren erantzuna, ordea, urrun dago elkartasunezkoa, eskuzabala izatetik. Segurtasunaren izenean Europar Batasunak Turkiar Estatuarekin izenpetu berri duen akordiak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek gurekin zerikusirik ez duten, eta lotsarazten gaituzten interes ekonomiko, finantzario eta belikoei erantzuten diete.

Testuinguru honetan, Euskal Herria ere austeritatearen politika ekonomikoa jasaten ari da. Beste eredu sozial eta politikoa eraikitzeko aukera ukatzen zaigu. Eta horrekin batera, estatu espainiarraren eta frantsesaren inmigrazioaren erabakiak inposatzen zaizkigu, ezinezko bihurtuz pertsona migranteen harrera inklusiboa.

LAB Sindikatuaren ustez, Europako migrazio-politikak aldatzearen beharra ezinbestekoa da. Eredu berri bat behar dugu erabakitzeko gaitasuna ukatzen digun oraingo marko politikoa gainditzeko, atzerritar lege arrazistak alde batera uzteko, eskubideak eta aukeren berdintasuna bermatzeko eta aberastasuna eta lanaren banaketa justua ziurtatzeko. Herrien eta Pertsonen Europa Sozialaren aldeko apustua egin behar da.

Zentzu honetan herri eta eskualde ezberdinetan lantzen ari den Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta oso marko baliotsua da arrazakeria eta xenofobiari aurre egiteko eta oso tresna indartsua eredu ekonomiko eta sozial berriaren alde, elkarrekiko errespetuan eta inklusibitatean oinarriturik. Elkarlanean elkarbizitza, elkartasuna eta aniztasuna sustatzen duen Euskal Herriaren alde egingo dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.