2024-05-20
HomeEkintza PolitikoaLangileak pobretzen dituen adierazle nagusiek gora egin dute, langabeziak behera egin arren

Langileak pobretzen dituen adierazle nagusiek gora egin dute, langabeziak behera egin arren

Gaur atera dira Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak. Datu hauen arabera, 2022ko lehen hiruhilabetekoaren alderatuz, Hego Euskal Herrian 6.600 langabe gutxiago egon arren, emakumeen langabezia igo egin da. Izan ere, 2.200 emakume gehiago daude langabezian; beraz, %4,9 igo da emakumeen langabezia azken hiru hilabeteetan.

Langabezian dauden herritarren jatorria aztertuta, datuek baieztatzen dute nabarmen altuagoa dela Europako Batasunetik kanpoko jatorria dutenen langabezia (EAEn 29,6% eta Nafarroa Garaian %33,69), Europako Batasunetik migraturiko langileekin alderatuz (EAEn %16,40 eta Nafarroa Garaian %2,49). Langile migratuen langabezia tasa altua izanik ere, arrakala handia dago langile hauen jatorriaren arabera eta lan munduan ere diskriminazioa handitzen ari denaren adierazle izan daiteke.

2008ko finantza krisiaren ondoren, epe luzeko langabeziak 2015ean goia jo zuen eta ordutik hona jaitsiera apala izan du, (2021ean, pandemiaren eraginez berriro ere igo zela salatu genuela gogoratu behar dugu) eta gaur egun oso balio altuetan jarraitzen du. Izan ere, 2008tik gaur arte epe luzeko langabezia 15 puntu igo da eta azken urteetako bilakaera ikusita, estrukturala bilakatu da.  

Eskuartean dugun inkestaren datuak jarduera motaren baitan aztertuz gero, Hego Euskal Herriko ekonomia eta lan merkatuaren egitura gaur egun zer nolakoa den marraztu dezakegu, beti ere inkesta bat dela kontutan hartuta. Zentzu honetan, Hego Euskal Herriko landunen %21,4a industria sektorekoa izanik, pasa den urtean baino %19,6 landun gutxiago daude, jaitsiera nagusia manufaktura industrian gertatuz; %19,5a, hain zuzen ere. Komertzioan eta ostalaritzan, aldiz, etengabea da landunen kopuruaren hazkundea, pasa den urtetik %20,9 igo baita. Administrazio publikoan landunen %25,2a egonik, pasa den urtetik hona %2,3 besterik ez dira igo jarduera mota honetako okupatuak. Beraz, industrian gero eta langile gutxiago dauden bitartean, komertzioan areagotzen ari dira. Kontutan hartu behar dugu komertzioa prekaritate eta ezegonkortasun handiko sektorea dela eta honen hazkuntzak gainerako sektoreetan eragina izan dezakeela, langileon lan eta bizi baldintzak okertuz. Zentzu berean ulertu behar dugu 16-25 urteko gazteen okupazioak %23,5a gora egitea pasa den urtetik, behin baino gehiagotan salatu dugun bezala, kapitalarentzat eskulan merkea baino ez dena.

Azken hilabeteetan errepikatzen ari garen bezala, langabeziak behera egin arren, kezka iturri handia bilakatu zaigu enpleguaren kalitatea, prekarizazio eta ezegonkortasuna ahalbideratzen duten adierazle nagusienek gora egin baitute, egiturazkoa bilakatuz: emakume eta gizonen arteko arrakala, langile migratuen langabezia tasa altua zein jatorriaren araberako diskriminazioa, lan baldintza kaxkarrak dituzten sektoreetan okupazioak gora egitea, epe luzerako langabezia… Honi guztiari oinarrizko elikagaien garestitzea, KPI-aren etengabeko igoera soldata zein pentsioetan neurri berean ez igotzeak sortzen duen galera eroshalamenean, interes tasen igoera… gehitu behar diogu.

Egoera ekonomiko, politiko eta sozial ezegonkor baten aurrean gaude eta epe motz-ertainean ez du hobera egingo langile klasearentzat. Horren adierazle ere bada lan zentroetako konfliktibitatea, irailetik aurrera areagotuko dena aurreikuspen guztien arabera. LAB sindikatuak langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko du, inork sostengatu ezin duen sistema errotik aldatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Europar hauteskundeen atarian mobilizazioei berrekingo diegu Bizkaiko Correosen

Bi asteko etenaldiak eta gero, maiatzaren 16an, enpresak Bizkaiko Correos posta zerbitzuko sindikatu guztiei bilera batera deitu gintuen, mobilizaioei buruz hitzegiteko. Hauteskundeetarako kontratazioa askoz mugatuagoa izango dela helarazi zigun (EAEko hauteskundeetarako zegoen dirua, oraingoan estatuko ipar-zonaldeko beste hamar probintziekin elkarbanatuko da, hau da, minimoetan egongo gara). Eta udari begira, egoera berdinean egongo gara. Ez dituzte beteko oporretan dagoen lankideen lanpostu asko, beste langileen gain utzita lan guztia (errekargo gehiagorekin).
00:06:54

Langileen prekaritatea oinarri duen egoera sozioekonomikoa finkatzen ari da

Bizi baldintzen okertze estrukturala esparru ezberdinetan gauzatzen ari da, Ipar Hegoa fundazioak Ikusmiran argitalpenaren 18. alean jasotako datuek erakusten dutenez.

EH Bildu eta Sumar alderdiei kongresuan emendakina aurkezteko eskatu diegu, sektore publikoko soldata eta enplegua EAEn negoziatu daitezen

Estatuko azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politiko guztiei sindikatuek egindako gonbidapenaren ondorioz egin dira gaurko bilerak. Gainerako alderdi politikoek gonbidapena ez onartzea edo erantzun ere ez egitea erabaki dute.