2024-05-04
HomeEkintza PolitikoaABIAN prozesuaren eztabaidarako txostena prest da

ABIAN prozesuaren eztabaidarako txostena prest da


Abian deituriko eztabaida ariketa egiten ari gara Ezker Abertzalean eta gaur ariketa hori zuzenduko duen txostena aurkeztu dugu. Txosten honen helburu nagusia Zutik Euskal Herria-k ekarri zuen estrategia aldaketak eragindako ziklo politikoan aurrera nola egin behar dugun zehaztea da. Estrategia gaurkotzeko ariketa bat da, baina aldi berean Ezker Abertzalearen nortasuna eta batasuna berrindartzeko balio beharko luke.

AGERRALDIAREN EDUKIAK
Estrategia aldaketan seigarren martxa sartzera goaz


Dakizuen bezala, Ezker Abertzaleak azaroan jarri zuen martxan ABIAN prozesua.

ABIAN prozesuaren helburu nagusia zera da: Zutik Euskal Herria ebazpenak ekarri zuen estrategia aldaketan seigarren martxa sartzea. Alegia, duela bost urte adostutako estrategia gaurkotuz, Zutik Euskal Herriaren potentzial osoa askatzea helburu duen prozesua da osatzen ari garena.

ABIAN prozesuak orain arte egin duen ibilbidearen urratsak laburbilduz, esan bezala, azaroaren hasieran aurkeztu zuten Ezker Abertzaleko 300 kidek prozesuari ekiteko proposamena. Eta azarotik bertatik abenduaren bukaera arte zabaldu genuen “entzute fasea” deitu geniona, non Ezker Abertzaleko 9.000 kideren iritzi, ekarpen eta iradokizunak bildu genituen. Ekarpen horiek guztiak oinarri hartuta, gaur aurkeztuko dizuegun Eztabaidarako Txostenaren osaketa lanetan ibili gara urtarrilean zehar eta, dagoeneko, txostena Ezker Abertzaleko kidegoaren esku dago.

Oraintxe hasten da, beraz, ABIAN prozesuaren fase erabakigarria, “eztabaida fasea” deitu dioguna. Fase honen helburu nagusia? ahalik eta kide gehienen parte-hartzean oinarrituta, proposatutako edukiak eztabaidatu, kidegoaren binkulazioa bilatu eta erabakiak kolektiboki hartzea.

Baina goazen gaurko agerraldi honen mamira, alegia, txostenaren edukien aurkezpenera.

Txostenak bost atal nagusi ditu:

Lehenengo atalean, Zutik Euskal Herria ebazpenak ekarri zuen estrategia-aldaketatik gaur egun arteko ibilbidearen balantzea egiten da.

Bigarren atalean, abagunearen azterketa motza jasotzen da.
Hirugarren atalean, Ezker Abertzalearen proiektu politikoaren eguneraketa egiten da.

Laugarren atalean, proiektu politikoaren garapena ekarriko duen estrategiaren gaurkotzea azaltzen da.

Eta, bosgarren atalean, estrategia inplementatzeko egituraketa eta antolaketa berritzeko irizpideak jasotzen dira.

Txostenaren osagarri gisa, lau eranskin ere osatu ditugu. Bata “Egun bizi dugun Euskal Herriaz” mintzatzen da; besteak “Ezker Abertzalearen erradiografia” egiten du; hirugarrenak, ABIAN prozesuaren entzute fasean jasotako ekarpen guztien laburpena jasotzen du; eta, laugarrenak, ABIAN txostenean erabili ditugun zenbait kontzeptu berrien “glosarioa” biltzen da. Eranskin horiek ez dira eztabaidarako txostenean jasotzen, noski, mardulegia litzateke, baina kidego osoaren esku daude ezkerabertzalea.info webgunean.

Horiek dira, bada, txostenean eta eranskinetan jaso diren eztabaidarako edukiak.

Baina txostenean, noski, jasotzen da norabide edo tesi nagusi bat,: strategia independentista bersortzearen beharra. Nola eta zertarako? mugimendu independentista herritar zabal, anitz, sendo eta eraginkor bat sortzea da erronka, hegemonia independentista eraikitzeko gai izango den mugimendua, alderdien interesen gainetik kokatuko dena.

Tesi nagusi honek estrategia bat du atzetik, Prozesu Independentista Eraldatzailea deitu duguna: Euskal Sozialismorako trantsizio prozesua, gizarte eraldaketan sakontzeko aukera eta bidea eskaintzen duena.

Eta Prozesu Independentista Eraldatzaileak ubide nagusi bat du: Euskal Bidea; euskal gizartearen sektore zabalei zuzendutako eskaintza soberanista; hots, Euskal Estatuaren eraikuntza prozesua.

Esan den moduan, tesi nagusia da eztabaidarako txosten osoaren norabidea markatzen duena eta, hain zuzen, eztabaidan jarri eta bozketara eramango den lehenengo elementua, otsailaren 27tik martxoaren 5a bitartean egingo diren herri eta auzo batzarretan.

Izan ere, herri eta auzo batzarrak izango dira erabakigune bakarrak; irizpidea, pertsona bat bozka bat izango dela. Preso eta iheslariek bozka delegatuaren bidez hartuko dute parte erabakietan.

Txostena hiru batzarretako zikloan eztabaidatuko da:
Lehenengo herri eta auzo batzarrak, esan bezala, otsailaren 27a eta martxoaren 5a bitartean egingo dira. Bertan, honako gaiak izango dira eztabaidagai:

Zutik EHtik egun arteko balantzea eta testuingurua.
Definizio estrategikoaren egokitasuna, txostenaren baliagarritasun politikoa eta, esan moduan, tesi nagusiarekiko atxikimendua (bozken bidez)

Bigarren batzarrak martxoaren 12a eta 19a bitartean egingo dira. Bertan eztabaidatuko den gai nagusia, Etorkizuneko estrategiaren garapena. Batzar hauetan, ekarpenak eta tesi alternatiboak jasoko dira, 5 atalen gainean:

Proiektu politikoa;
– Eskaintza independentista;
– Taktikaren garapena;
– Gatazkaren konponbidea; eta
– Antolaketa

Azkenik, hirugarren batzarrak apirilaren 16an egingo dira. Batzar erabakitzaileak izango dira horiek, bertan eztabaidatu eta bozkatuko dira eztabaida prozesuan zehar jasotako emendakinak.

Hirugarren batzar horietatik ateratzen diren emaitzekin behin-betiko txostena osatu eta publiko egingo da.

Eta, bukatzeko, Ezker Abertzaleko kidegoari deialdia, eztabaidan eta erabakietan parte-hartzera animatuz, guztion artean irabazlea den gure estrategiari ahalik eta etekin gehien atera diezaiogun.

Eta, noski, bergogoratzea, euskal preso politikoek eztabaida eta erabakitze prozesu honetan parte hartzeko diutzten oztopoak salatzeko, otsailaren 20an espetxe guztietara egingo ditugun martxen deia ere zabalik dagoela.

Ezker Abertzalea
2016ko otsailaren 10ean

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.